Gasteizko Udalak hiru familia etxegabetu nahi dituela salatu dute

Erredakzioa 2025ko mar. 27a, 10:59

Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta daude etxegabetze arriskuan dauden familiak. Argazkia: Etxebizitza Sindikatua

Adin txikiko seme-alabak dituzte familiek, Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez. Udalaren "hipokrisia" salatu dute, eta etxegabetzeak bertan behera uzteko exijitu.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, Gasteizko Udalak hiru etxegabetze prozedura abiatu ditu adin txikiko seme-alabak dituzten hiru familiaren aurka, XXI Zabalgunea agentziaren bitartez. Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta daude hiru familia hauek, eta lehen etxegabetzearen data ere iragarri dute, apirilaren 23rako dago ezarria.

Udalaren jarrera salatu dute sindikatutik, epaitegietan eta gizarte zerbitzuetan etxegabetzeak azkartzeko presio egin duela esanez, eta zaurgarritasun egoera ukatu dielako etxegabetze arriskuan dauden hiru familiei, moratoria eskuratzeko aukera zailduz, ondorioz.

Gasteizko Udalaren "hipokrisia" ere salatu dute Etxebizitza Sindikatutik. Maider Etxebarria alkatearen hitzak ekarri dituzte gogora, etxebizitza krisiari buruz hitz egiten, HAPO berriaren eztabaidan, esan baitzuen hertsiki sinesten zuela etxebizitza eskubide bat dela eta "bere eskura zeuden formula guztiak erabiliko zituela" Gasteizko bizilagun guztiek etxebizitza duin baterako sarbidea izan dezaten. "Promesa faltsuak" egin izana leporatu diote Etxebarriari, "egoera zaurgarrienean dauden pertsonak babestu beharrean haien etxeetatik kanporatzen dituenean".

Hipokrisia alde batera utzi eta arduraz jokatzeko eskatu diote udalari, eta negoziazio mahaia zabaldu dezala sindikatuarekin eta familiekin, "familien ongizatea babesteko". Etxegabetzeak bertan behera uzteko exijitu diote, kalitatezko alternatiba ziurtatu ezean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago