Tuvisako autobusek lehentasuna izango dute semaforoetan, presaka doazenean

Erredakzioa 2025ko mar. 26a, 10:46

TUVISAko flota modernizatzeko apustuaren parte da proiektu pilotua. Argazkia: Gasteizko Udala

Emaitza onak izan ditu orain arteko proiektu pilotuak, eta hiriko autobus sare osora zabaltzeko asmoa erakutsi dute.

Tuvisako autobusek semaforoetan lehentasuna izateko proiektu pilotuak arrakasta izan duela jakinarazi du Gasteizko Udalak. Ibilbideko puntu kritikoetan "zirkulazioa arindu eta denborak hobetzea" lortu dute ezarritako sistema berriarekin, udalak adierazi duenez.

Sei hilabetez frogatu dute proiektu pilotua Tuvisako 5. linearen zati batean, Martxoaren 8a hiribidea eta Salburuko bulebarraren artean, eta eraginkorra dela ikusi dute. Azaldu dutenez, erabilitako teknologia "erabat eskalagarria" da, eta etorkizunean inplementatzeko bidea erraztuko du horrek.

BEI ez beste autobusetarako

BEI autobusek badute beren sistema propioa bidean lehentasuna izateko, galtzadan jarritako espira magnetiko batzuen bidezkoa. Aldiz, gainerako autobusetarako irrati frekuentzia bidezko sistema da frogatu dutena. Teknologia honek kontua hartzen du autobusak berez zein ordutan igaro behar zuen leku bakoitzetik, eta noiz ari den igarotzen. Hala, atzeratua doala igarri dezake, eta semaforoak berde jarri autobusari lehentasuna emateko.

BEIaren sistemaren aldean, irrati frekuentzia bidezko sistema honen ezarpena errazagoa da, jakinarazi dutenez, eta mantenu lanek ere kostu txikiagoa dute. Izaskun Reyes Tuvisako presidenteak adierazi du proiektu pilotu hau "flota zein instalazioak modernizatzeko apustuaren beste adibide bat" dela. Bide horretan urratsak ematen jarraitzea espero dutela iragarri du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago