Arrakastatsua izan da Gasteizko Udalak egindako deialdia, musika taldeek beren proiektuak aurkeztu zitzaten Andre Maria Zuriaren jaietan Falerinako lorategian jotzeko. 136 taldek eman dute izena deialdian, eta datozen asteetan jakingo da zeintzuk hautatzen dituzten aurtengo jaietarako.
Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie taldeei beren inplikazioa eta parte hartzeagatik, eta "kalitate eta aniztasun" handia dagoela azpimarratu du. Denetariko musika estiloak jotzen dituzten taldeak aurkeztu dira, rock, latino, folk, jazz, rap, soul, trap, reggaetoia, house, punk, pop, indie...
Gehiengoak ditu euskarazko abestiak beren zerrendan, %63ak, eta taldeen %45ak ditu emakumezkoak partaideen artean. Orain udaleko Kultura Zerbitzuari dagokio jasotako proposamenen artean erabakitzea, behin betiko kartela osatzeko.
Iragarri dutenez, Aste Santu aurretik emango dute hautatutako taldeen berri. Gainera, aurkeztutako talde guztiak sartu dituzte Kultura Zerbitzuaren datu-basean, eta kontuan hartuko dituzte hurrengo jaietarako eta udaletik antolatutako beste programa batzuetarako.