Hamargarrenez bueltan da Zurrunbilo jaialdia, euskal arte eszeniko garaikideak publiko berriari hurbiltzea asmo duen ekimena. Nobedadeak eta euskarazko egitarau zabala iragarri dituzte, eta diziplina arteko ikuspegia mantendu dute, hitza, antzerkia, dantza, performancea eta beste lengoaia batzuen arteko nahasketa bilatuz.
Parasite kolektiboak antolatu du jaia, Baratza aretoarekin, Garaion Sorgingunearekin, IAKrekin eta beste hainbat erakunderekin elkarlanean. X. edizio hau berrikuntza batekin hasi nahi izan dute, eta tailer bat izango da, gaur hasita eta martxoaren 27ra arte. Datozen hiru egunetan Kalejira Performatikoa izeneko ikastaroa antolatu dute, eta bertan kalejira bat prestatuko dute, larunbatean gauzatuko dena, 20:30ean, Baratza Aretotik Izaskun Arrue Kulturgunera.
Ostegunean hasiko dira emanaldiak, 27an. Ozetako Garaion Sorgingunean izango da lehena, Dounia eta Alepoko printzesa filmaren ikuskizunarekin. Ostiralean berriz, 28an, Aztia ikuskizuna aurkeztuko dute Baratza aretoan Metrokoadroka kolektiboa & Don Inorrez taldeak.
Larunbata izango da jaialdiaren egun handia, eta hiru ikuskizun izango dira ikusgai. Auzi existentzialez hausnartzeko parada izango da 19:00etan Baratzan, Platea ikuskizunarekin. Jarraian, 20:30ean, Kalejira Performatiboarekin batera joango da publikoa IAKraino, eta bertan 21:00etan hasiko da Baninduaien kantatzera emanaldia, folk teknologikoa oinarri. Azkenik, igandean, martxoak 30, jaialdiari itxiera emango dio Laura Penagosek, 19:00etan Baratza aretoan, Putaren bakarrizketa eroetxean bakarrizketarekin, prostituzioa eta osasun mentala gai gisa hartuta.
Sarrera lortzeko eta egitarau osoa ikusteko hemen dago aukera, aretoaren webgunean. Sarrera sozialak ere jarri dituzte eskuragarri, ekarpen ekonomikorik egin ez dutenentzat, salabaratza@gmail.com helbidera idatzita.