Lonjetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko dei egin dute

Erredakzioa 2025ko mar. 24a, 14:51

Elkar ezagutzeko eta enpatiarako deia egin dute eragileek. Argazkia: ALEA

Okupatutako lonjekin izandako elkarbizitza arazoei heltzeko eredu berria aurkeztu dute gaur Gasteizen, "elkarbizitza abiapuntu eta helburu" duena. Judimendiko bizilagunekin egindako prozesu "arrakastatsua" azaldu dute.

Gasteizko hainbat eragile eta norbanako Plaza Berrian elkartu dira gaur, okupatutako lonjen auziari heltzeko, eta azaltzeko orain arte eman dituzten pausoak. Auzo batzuetan izandako elkarbizitza arazoak ikuspegi integratzailearekin lantzeko beharra nabarmendu dute, "auzo elkartasuna" sustatuz.

Kezka adierazi dute azken aldian zabaldu diren diskurtso baztertzaile eta arrazisten inguruan, "beldurrak, estereotipo okerrak eta segurtasun ezaren aitzakiapean", ultra eskuinak hauspotuak, salatu dutenez. Agerraldiaren antolatzaileek onartu dute "bizikidetza arazo larriak" sortzen dituen egoera bat dagoela, baina horri aurre egiteko "beste eredu" bat proposatu dute, elkarbizitza izango duena abiapuntu eta helburu. Eta auzokideei konponbidean ardura hartzeko dei egin diete, konexio sozialak eraikitzearen bidez bizikidetza sortzeko.

Santiago hiribideko gatazka

Eredu berria praktikan jarri dute eragile hauek azken asteetan, Santiago hiribidean okupatutako lonja batekin izandako gorabeheren auzian. Egoera konplexua zela ulertuta, bizilagun guztien beharrak entzutea izan da eman duten lehen pausoa. Batzuen eta besteen beharrak oso ezberdinak zirela azpimarratu dute, baina denen helburua berdina zela: "Guztiok merezi dugula bizi duin bat izateko baldintzak bermatuak izatea".

Bizilagunen artean izandako hartu-eman hauei esker, azaldu dutenez, lonjetako gazteek "bultzada eta babesa" jaso dituzte haien bidea "duintasunez" jarraitzeko, nahiz eta haien egoera zaurgarria den oraindik. Elkarbizitza arazoa amaitzeko bidean dela ondorioztatu dute gaur elkartutako kideek. "Gure arazoak besteenak ere badirela" atera dute irakasgai nagusi gisa, eta elkar ezagutzeko eta "enpatizatzeko" izandako aukera goraipatu dute.

Instituzioen babes falta

Agerraldian aipatu dutenez, auzokideei entzun eta gero, bigarren pausoa izan zen baliabide instituzionalak bilatzea. Adierazi dute, baina, "tamalez" ez dutela etekinik lortu bide horretan. Gasteizko zerbitzu publikoen sarea "erabat eskasa" dela salatu dute, eta ardurak hartzeko eskatu diete instituzioei. Bestalde, gaitzetsi egin dute Santiago hiribideko lonjan argia moztu izana, eta salatu erabaki horrek kalte besterik ez duela egin, guztiz deuseztatu dituelako "duintasunez bizitzeko beharrezko baldintza apurrak".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!