Israel Gaza bonbardatzen ari da berriz, su-eten akordioa hautsita, eta lurrezko inbasioa ere berrartu du azken egunetan. Ehunka palestinar hil ditu 400dik gora su-etena hautsi zuen gauean soilik. Euskal Herri osoan zehar zabaldu dira Israelen aurkako gaitzespen mezuak, eta Gasteizen ere izan zuen atzo isla.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta ehunka lagun ibili ziren atzo arratsaldean Gasteizko kaleetan zehar, Israel Genozida, Palestinar erresistentzia aurrera lelopean deitutako manifestazioan. Herri palestinarrari eta erresistentziari "babes irmoa" erakutsi zieten bertan, eta ohartarazi zuten Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi duela hau "hasiera besterik ez dela", eta genozidioak jarraituko duela "erresistentzia suntsitu arte".
Plataformatik adierazi dute auzitan jarri behar dela "Israelgo entitatearen existentzia bera", eta bere ideologia sionista. Berriz ere salatu dute, gainera, mendebaldeko herrialdeen konplizitatea. "Ez gara soilik AEBetako presidente sadiko baten babesaz ari, baizik eta AEBetako eta Europako gobernu, alderdi eta enpresen babesaz".
Baita Euskal Herrian bertan ere, ohartarazi dute. Taldearen ustez, palestinarrei babesa erakusteaz gain, euskal herritarren eginkizun nagusiak beharko luke "konplize guztien aurka borrokatzea eta harreman oro eteteko presio egitea".