Lurpeko Kaierak fanzinoteka aurkeztuko dute ostiralean

Erredakzioa 2025ko mar. 19a, 14:06

Ia 400 fanzinez betetako bilduma ondu dute. Argazkia: Lurpeko Kaierak.

Eva Forest Liburutopian zabalduko dute fanzine disidenteen liburutegia. Webgunean ere ikusi ahal izango da oraingoz 400 fanzine ingurukoa den bilduma.

Lurpeko Kaierak izeneko fanzinoteka proiektu autogestionatua aurkeztuko dute jendaurrean ostiral honetan, martxoaren 21ean. 19:00etan izango da ekitaldia, Gasteizen, Eva Forest Liburutopian. Fanzineak gordetzea eta zabaltzea du helburu fanzinotekak, "beti modu herrikoian eta irisgarrian".

Baina ez edozein fanzine. "Fanzine disidentez" betetako ia 400 fanzineko bilduma ondu dute jadanik, kapitalismo heteropatriarkalaren botereekiko desafekzioa erakustea irizpide gisa hartuta. Azpikulturak, musika, politika, literatura eta abar luzea dute hizpide, antolatzaileen esanetan.

Bi tresna nagusi aurkeztuko dituzte fanzineak zabaltzeko, digitala eta fisikoa. Egoitza fisikoa Liburutopian izango du, eta fanzineak hartu eta irakurtzeko aukera eskainiko da bertan, liburutegi bat balitz bezala. Bestalde, lurpekokaierak.com webgunean ikusgai izango dira artxibatutako fanzine guztiak, azalak gutxienez. Euskaraz, katalanez eta gazteleraz ikusteko aukera izango da, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanetik sortu baita.

Iragarri dutenez, bestelako egitasmoak ere jarriko dituzte martxan fanzineak eta haiekin lotutako kulturak zabaltzeko, izan aurkezpenak, erakusketak edo mahainguruak.

Fanzineak irakurtzeko aukera eskainiko du Liburutopiak. Argazkia: Lurpeko Kaierak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago