Pediatra faltagatik mobilizazioa egin dute Aranbizkarra auzoko bizilagunek

Erredakzioa 2025ko mar. 18a, 10:22

Aranbizkarran astelehen honetan egin duten mobilizazioaren irudia. Argazkia: OPA

Otsaila hasieratik, Osakidetzak Aranbizkarra II osasun zentroko pediatria zerbitzua ezabatu du.

"Oinarrizko zerbitzua kendu digute eta ez dute soluziorik eman". Hitz horiekin salatu dute bizilagunek Aranbizkarra eta Salburuko eta Araneko zati bat artatzen duen Aranbizkarra II osasun zentroan bizi duten egoera, pediatria zerbitzua desagertu ondoren.

Azaldu dutenez, 2024ko udaberrira arte, bi profesionalek artatzen zituzten pediatriako kontsultak Aranbizkarra IIn. Baina, orduan, "horietako bat eraman zuten". Orain, otsailaren hasieran, geratzen zen pediatra plaza bakarra kendu du Osasun sailak.

Horregatik, astelehen honetan, arratsaldean, elkarretaratzea egin dute auzokideek, osasun zentroaren sarreran bertan. Beren ondoeza erakutsi eta konponbide bat eskatu dute, eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute.

Bizilagunek kritikatu dutenez, pediatria zerbitzua ezabatuz, Osakidetzak "zaildu egin du" haurren arreta jasotzeko aukera. Hemendik aurrera, pediatriako kontsulta mediko guztiak Olagibelen egin beharko dira, oro har etxetik "askoz urrunago" dagoen anbulatorioan.

Gainera, familiek ezin dute aldez aurretik online hitzordurik eskatu, eta deitzen dutenean, auzoen errealitatea ezagutzen ez duen telefonogune batera bideratzen dituzte. "Kontsulta lortzen dugun bakoitzean, pediatra desberdin batek artatzen gaitu. Ez dago ez koordinaziorik ez jarraipenik ", esan dute.

Mobilizazioekin batera, kexa bat aurkeztu dute bizilagunek Osakidetzaren aurrean. "Gure zentroan pediatra faltak eta beste zentro batera bideratzeko hartutako konponbideak gure seme-alaben eskubideak urratzen dituzte eta osasun arretaren kalitatea okertzen dute".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago