"Baliabide gehiago" eskatu dituzte Salburuan, Pradalesek egindako bisitan

Erredakzioa 2025ko mar. 17a, 13:51

"Kalitatezko hezkuntza publikoa" eskatu dute irakasleek. Argazkia: Salburua Institutua

'Argazki gutxiago eta baliabide gehiago' izan dute goiburu lehendakariak institutura egindako bisitaldian.

Irailean hasi zuten ikasturtea Salburua bigarren hezkuntzako institutuan, eta inaugurazio ofiziala egin du gaur Imanol Pradales lehendakariak, Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosarekin eta ikastetxeko zuzendari Andres Etxebarriarekin batera. Ikasleei "tresna onenak" eskaintzeko beharra azaldu du, eta "autoexijentziaz" joka dezaten eskatu die irakasle eta ikasleei. Institutuan, ordea, aldarrikapena egiteko baliatu dute irakasleek, "hezkuntza publikoaren okertzea" agerian uzteko.

Lehendakariak nabarmendu duenez, hezkuntza azpiegituretan inbertitzea "ikasleen ongizatearen aldeko apustua" egitea ere bada. "Hezkuntza sistemaren kalitatearen, ekitatearen eta iraunkortasunaren alde egitea da. Eta horrek guztiak eragin zuzena du motibazioan eta arrakastan".

Ikastetxera egin den bisitari lotuta, institutuko Eskola Kontseiluko kide diren hiru ikaslek ikastetxearen ezaugarriak zein diren azaldu dute; horrez gain, ikastetxeko ikasle guztiek idatzi dituzten gutunak jaso dituzte, denboraren kapsula batean sartu eta institutuko lorategi batean lurperatu dituzte.

Goizean egin du bisita Imanol Pradales lehendakariak Salburua ikastetxean. Argazkia: Irekia.

Irakasleen aldarrikapenak

Bisitaldian, baina, agerian geratu da irakasle gehienen ezinegona, eta zenbait aldarrikapen plazaratu nahi izan dituzte, Argazki gutxiago eta baliabide gehiago lelo hartuta.

Giza baliabideak izan dira eskakizun nagusia, eta euskara zein gaztelerarik ez dakiten ikasle iritsi berrien "abandono egoera" salatu dute: "Psikologoak, ikasleen behar anitzei erantzuteko profesionalak behar ditugu, iritsi berri diren ikasleek hizkuntza ikasteko plan errealak".

Ildo beretik, eredu pedagokikoa garatzeko "denbora eta baliabide gehiago" eskatu dituzte, eta "burokratizazio gutxiago". Helburu pedagogikoekin bat datorren digitalizazio prozesua lehenetsi dute, egungo "digitalizazio inposatua" alde batera, "enpresa handien interesen araberakoa baita, eta ikasleen ongizatearen aurkakoa".

Ikasleentzat "kalitatezko hezkuntza bat" lortzen ez duten bitartean, irakasleek ez dutela amore emango gogoratu dute bisitaldian, eta hezkuntza komunitatearen erabakiak aintzat hartzea galdegin dute. "Lan baldintzak hobetzearen alde borrokan jarraituko dugu. Eta ez gara ari soldata igoera bat aldarrikatzen, inondik inora. Lanez gainezka gaude eta ikasleei ezin diegu behar duten arreta eskaini".

Aldarrikapenez bete dute institutua Pradalesen bisitan. Argazkia: Salburua institutuko irakasleak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago