Zamak Garama izenburupean, IDarteko argazkilaritzako goi mailako heziketa zikloko 2. mailako zazpi ikasle gaztek eta Zaramagako hamar emakumek oroitzapenak gogora ekarri, eta 20 argazki eta bideo bat prestatu dituzte. Bertan, 51 eta 88 urte bitarteko emakumeek azaldu dituzte auzoan izandako bizipenak, kaleetan izandako gertaera esanguratsuenak, eta hamarkada luzez izandako bilakaera urbanistiko eta soziala. Testigantza horiekin, emakumezkoek auzoaren bilakaeran izan duten ezinbesteko zeregina nabarmendu nahi izan da.
IDarteren eta Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza dira erakusketa eta bideoa, eta Iparralde gizarte etxearen Martxoaren 8ko jardueren barruan kokatzen dira. Lanak martxoaren 31ra arte ikus daitezke gizarte etxean.
Protagonistak
Argazkien eta bideoaren egileek azaldu dutenez, hasierako ideia Gure auzoko memoria: Zaramaga proiektura egokitzea izan zen. Gainera, hamar bat emakumeren irudiak jasotzean, horiek "auzoaren memoriaren parte izatea eta egunerokoan bizi dituzten bizipenak, erronkak, pozak eta zailtasunak erakutsi” nahi izan dutela zehaztu du. Erakusketaren hasieran adierazten duten bezala, “auzoaren memorian haien ondarea gorde nahi dugu, haien aurpegiak eta historia jasotzen dituzten erretratuekin. Emakume horiek Zaramagako eraikuntza historiko, sozial eta kulturalaren protagonista gisa duten zeregina nabarmendu nahi dugu".
Irudietako emakume protagonistak pozik agertu dira belaunaldien arteko proiektu hau aurrera eramaten inplikatu diren gazteei lagundu dietelako, eta eskerrak eman dizkiete emandako aitortzagatik.
Etorkizuna
Erakusketa hamar emakumeren 20 argazki biltzen dituzten 10 panelek osatzen dute, zuri-beltzean eta koloretan. Erakusketa amaitu ondoren, argazkiak IDarten eta auzoko beste kokaleku batzuetan ikusgai jartzea da helburua.
Bestalde, dokumentalean, emakumeekin egindako elkarrizketak eta auzoaren bilakaeran bidaiatzeko aukera ematen duten historia duten argazkiak jasotzen dira. Emakumeen testigantzek kontatzen dute nola iritsi ziren, nolakoa izan den haien bizitza, zer sufritu zuten, 1976ko martxoaren 3ko gertakari garrantzitsuek zer eragin izan zuten, haien pozak, gizarte aldaketak, emakumeen lan eta familia egoera, auzoko gizarte etxearen garrantzia, egungo gazteen arazoak… Iraganetik abiatuta egindako errepasoa da, etorkizunera begira. Iragana ohoratzea, oraina ulertzea eta auzoaren etorkizuna proiektatzea da helburua.