Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen zirkuitu ibiltaria Gasteizko Vital Fundazioa kulturuneara iritsiko da martxoaren 24tik 28ra. Mendiko zinema onenaz eta berrienaz gozatzeko aukera izango dute Mendi Tourreko saioetara bertaratzen direnek; alpinismoari, eskaladari, muturreko eskiari, nabigazioari, highlineari eta dantza bertikalari buruzko 11 pelikula proiektatuko dira.
Filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, gaztelaniazko eta euskarazko azpitituluekin batera. Aipagarria da The Last Expedition, Wanda Rutkiewicz alpinista poloniar ospetsuaren bizitza eta desagerpena kontatzen duena, historiako mendizalerik onena kontsideratua. Mendi Filmen mendiko film onenaren saria jaso zuen eta Eliza Kubarska zinegile sarituaren maisulana da.
Beste film azpimarragarri bat Ashima da, Ashima Shiraishi eskalatzailea protagonista duena, nerabezaroan nazioarteko eskaladan mugarri izan zen neskatoa. Kenji Tsukamotok zuzendutako lan honek eskaladako film onenaren saria jaso zuen, eta blokeko eskaladan inoiz egin gabeko mailetara iristeko erronkan aita-alaben arteko harreman berezia erakusten du.
Muturreko eskia maite dutenek ezin dute galdu Xavier eta Victor de le Ruek lehenaren alabarekin batera egindako Of a Lifetime filma. Pelikulak argazki onenaren saria jaso zuen Mendi Filmen, izan ere, familiaren abentura Antartikako glaziar eta iceberg ikusgarrien artean gertatzen da.