Bihar erabakiko dute Gasteizko Udalaren lorezaintza zerbitzuetako langileek ea greba deituko duten. Sindikatuek aurreratu dute, “enpresak jarrera aldatzen ez badu”, langile guztiak deituta dauden biharko batzarrean greba mugagabea deituko dutela ofizialki.
ELA, LAB eta ESK sindikatuek osatzen dute lorezaintzako enpresa batzordea, eta agerraldia egin dute gaur goizean Andre Maria Zuriaren plazan, “lan egoera jasanezina” salatzeko eta udalari hitzarmen propioa eskatuz. Izan ere, Estatuko hitzarmena ezartzen zaie Enviser enpresako langileei, eta ohartarazi dute kasu gehienetan ez dutela gutxieneko soldata gainditzen.
Gasteizko Udala da egoeraren erantzulea, sindikatuen esanetan, “kontrataren lan baldintza lotsagarriak onartzen dituelako bere erantzukizunekoak diren zerbitzu publikoetan”. Gasteizko parke eta lorategiak zaintzen dituzte langile hauek, eta baita eraztun berdea ere. Hitzarmen propioa eskatu dute, Enviserreko langileek beren lan baldintzak negoziatu ditzaten, eta ez izateko “hemendik ehunka kilometrora” negoziatzen denaren ikusle huts.