Fernando Truebak jasoko du Jazz Uhinak jaialdiko makila

Erredakzioa 2025ko mar. 12a, 14:17

Hilaren 25ean emango diote saria Truebari, Jesus Guridi kontserbatorioan. Argazkia: Jazz Uhinak

Martxoaren 25ean emango diote saria, Jesus Guridi musika kontserbatorioan, 19:00etan.

Fernando Trueba zine zuzendariak jasoko du aurtengo Jazz Uhinak jaialdiko ohorezko makila, Jazzargia elkartearen eskutik. Zinean eta arte munduan jazza sustatzeko egin duen lana aitortuko dute sariarekin; martxoaren 25ean emango diote saria, Jesus Guridi musika kontserbatorioan.

Bere ibilbidean zehar, Truebak jazzarekiko lotura sutsua izan duela gogoratu dute jaialdiko antolatzaileek. Calle 54 (2000) film ezaguna, esaterako, jazz latinoaren lekukotasun paregabea da, eta El milagro de Candeal (2004) filmak, berriz, musikak gizartean duen botere eraldatzailea nabarmentzen du. Chico y Rita (2010) lanarekin, Truebak 1940ko eta 1950eko hamarkadetako jazz kubatarraren atmosferan murgildu zuen publikoa, eta bere ospea sendotu zuen musikaren historiako kontalari bikain gisa. "Duela gutxi, Dispararon al Pianista (2023) lanarekin, Francisco Tenorio Junior pianista brasildarraren irudia arakatu du, Latinoamerikako musikari eta testuinguru politikoari buruzko begirada sakona eskainiz", gogoratu dute jaialditik.

Zinemagintzaz gain, Truebak garrantzi handiko musika proiektuak bultzatu ditu, besteak beste, Lágrimas Negras (2003) ekoizpena, Bebo Valdes piano-jotzaile ospetsua eta Diego El Cigala batu zituena, jazza flamenkoarekin eta kubatar musikarekin uztartuz.

Hamabi sari

Hamabi urte dira ohorezko makilak jazzaren eta haren hedapenaren historian arrastoa utzi duten pertsona ospetsuak saritu dituela. Besteak beste: Juan Claudio Cifuentes Cifu, Pedro Iturralde, Antonio Muñoz Molina, Paco de Lucia eta Ana Belen.

"Sari hau Fernando Truebari emanez, elkarteak eta EITBk berretsi egiten dute jazzaren hedapenarekin eta jazzaren esentzia bizirik mantentzen lagundu dutenekin duten konpromisoa".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago