“Talde elebidun batean pertsona bakar batek gaztelania aukeratzen badu, ikastaroa gaztelaniaz egingo da automatikoki, hortaz, euskaraz emandako ikastaroen benetako ehunekoa are txikiagoa da”. Halaxe esan du Maider Uriarte EH Bilduko Euskara zinegotziak, Gasteizko Udalari eskatuz euskararen errealitatea eta euskararen eskaintza bateratzeko.
2027rako ezarrita dauden euskara helburuetan “anbizio handiagoz” jokatzeko eskatu dio Udal Gobernuari. Berez, ikastaroen euskarazko eskaintza %36,6tik %40ra igotzea aurreikusi du udalak, baina EH Bilduk zalantzan jarri du hori lortuko denik ere. Berez “asmo gutxiko helburua” dela gaitzetsi du taldeak, eta “azken urteetan emandako atzerapausoak” kontuan hartuta nekez lortuko dela.
Izan ere, euskaraz bakarrik ematen diren ikastaroek 9 puntu egin dute behera duela bi ikasturterekin alderatuta. Gaztelaniazkoek, berriz, 14 puntu egin dute gora, koalizioak azaldu duenez. Salatu dute eskaintzak ez diela Gasteizen beharrei erantzuten.
Eskaintza elebidunaren amarrua
Uriartek zalantzan jarri du eskaintza elebiduna zenbateraino den elebidun. Aipatutako %36,6aren datuak barne hartzen ditu bai euskara hutsean eskaintzen direnak eta baita elebidunak ere, errealitatea “mozorrotzen” dutela adierazi du EH Bilduko zinegotziak, ikastaro horietako asko “automatikoki” gazteleraz ematen direla argudiatuta.
Gainera, adin tarteka aztertuta eskaintza oso bestelakoa dela ohartarazi du Uriartek. Txikien eskaintzan euskarak presentzia handia duela eta, helduen eskaintzako hutsunea desitxuratua gelditzen da. Uriartek gaineratu du euskararen presentzia handitzeko eskatzea ez dela gaztelaniaren kalterako, eta hori iradokitzea “ez dela onargarria”. Euskara hutsean daudenak kenduta, jardueren %96a egin daiteke gazteleraz.