Andre Maria Zuriaren jaietan Foru plazan izango diren kontzertuak iragarri ostean, Aihotz plazan izango diren emanaldien berri ematen hasi da Gasteizko Udala. Gorka Urbizu izan da lehen iragarpena; abuztuaren 6an igoko da Alde Zaharreko oholtzara, 23:00etan.
Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista ohiak bakarkako lana aurkeztu zuen 2024 hasieran, Hasiera bat diskoa, eta hori aurkezteko kontzertuak eskaini ditu azken urtean. Gainera, egunotan bi kantu berri jarri ditu entzungai musika plataformetan. Herri txiki eta Etorkizuna ginenean dira bi kantu horiek, eta Bakan (I) izeneko EPa osatzen dute.
Aihotz plazako egitaraua osatu bitartean, abuztuaren 3tik 8ra arte Foru plazan izango diren kontzertuak konfirmatu dituzte.
- Abuztuak 4, astelehena: Bulego
- Abuztuak 5, asteartea: Isabel Aaiun
- Abuztuak 6, asteazkena: Rozalen
- Abuztuak 7, osteguna: Mago de Oz
- Abuztuak 8, ostirala: Zea Mays