Arabako lantegia "zero emisiokoa" izateko bost milioi bideratuko ditu PepsiCok

Erredakzioa 2025ko mar. 7a, 09:40

Athina Kanioura presidenteordea Arabako Parke Teknologikoan egon da. Argazkia: IREKIA

Ekonomia sailburuak eta Athina Kanioura enpresaren presidenteordeak Parke Teknologikoan dagoen Hub Digital Globala bisitatu dute.

Mikel Jauregi Ekonomia sailburua eta PepsiCoko presidenteorde Athina Kanioura Arabako Parke Teknologikoan bildu dira ostegunean, enpresak Etxabarri Dibiñako lantegia "zero emisioko" munduko lehenengoa izateko egindako apustua aztertzeko.

Jaurlaritzak ohar batean ezagutzera eman duenez, PepsiCok bost milioi euro inbertitu ditu Etxabarri Dibiñako lantegia eraldatzeko, eta 2025erako lortu nahi du isurpen netorik gabeko lehen edarien lantegia izatea. Gaur egun, lantegiak %100 energia berriztagarria erabiltzen duela dio Jaurlaritzak.

Jauregik nabarmendu du PepsiCoren apustua "eredugarria" dela, eta Eusko Jaurlaritzak enpresarekin "elkarlanean jarraitzeko konpromisoa" agertu du, ingurumenaren "jasangarritasunaren aldeko apustu" horretan. PepsiCoko presidenteordeak, berriz, eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari enpresarekin izandako lankidetzagatik, eta, Jauregiren bidetik, adierazi du bertako lantegia "eredu" izango dela beste enpresa batzuentzat.

Bileran, enpresek ingurumenaren jasangarritasunaren alde egindako beste ekimen batzuk ere aztertu dituzte, hala nola, hondakinen kudeaketa eta uraren erabilera. Bestetik, Hub Digital Globalaren zati bat Arabako Parke Teknologikoan ezarri izanari eta adimen artifizialak konpainiaren negozio ereduaren eraldaketan duen eraginari buruz hitz egin dute biek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago