Truke azokak izango ditu Gasteizek

Erredakzioa 2025ko mar. 6a, 14:36

Tratu Truke azoka aurkezteko egindako agerraldia. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Martxoaren 23an izango da lehenengo saioa, Salburuko gizarte etxean.

Erabiltzen ez diren objektuei bigarren bizitza bat emateko helburuarekin, tratu azoka bat izango du Gasteizek aurten. Gasteiz Hobetuz Gazte programan irabazle suertatu ziren lau ekimenetako bat da Tratu Truke izenekoa.

Kasu honetan, Koldo Mitxelena institutuko 3. B mailako ikasleek pentsatu zuten onuragarria izan zitekeela dagoeneko erabiltzen ez diren objektuei bigarren bizitza bat ematea. Hortik sortu zen Tratu Truke eta bigarren eskuko objektuen azoka horrek aurten hiru hitzordu izango ditu.

Lehen truke azoka martxoaren 23an egingo dute, Salburuko gizarte etxean. Bigarren hitzordua ekainaren 22an izango da, Arriaga gizarte etxean, eta hirugarrena, berriz, irailaren 20an, Iparralde gizarte etxean. Hiru azoken ordutegia 11:30etik 14:30era bitartekoa izango da.

Ines Martins eta Aimar Gonzalez ideiaren sustatzaileek azokak aurkezteko egindako ekitaldian hartu dute parte, eta gazteak ekimenean parte hartzera animatu dituzte, objektuak utzi eta beste batzuekin trukatuz, bai eta azokan egin ahal izateko boluntariotza-lanak eginez ere.

Askotariko objektuak

Azoka bakoitzaren aurreko astean, astelehenetik ostiralera –17:30etik 20:30era– truke azoka egingo duen gizarte etxean bertan jaso ahal izango dira dohaintzan eman nahi diren objektuak. Pertsona bakoitzak gehienez hamar objektu entregatu ahal izango ditu. Bost motatako artikuluak bilduko dira: arropa, jostailuak, imitaziozko bitxiak, liburuak eta bestelakoak. Azken kategoria horretan sartzen dira musika, objektu apaingarriak eta teknologikoak, eta ez dira onartuko etxetresna elektrikoak, smart objektuak (mugikorrak, tabletak…), artikulu iraingarriak eta gerra-jostailuak. Artikulu guztiek egoera onean eta garbi egon beharko dute, eta pieza guztiak eduki beharko dituzte. Emandako objektuen truke, kupoi batzuk jasoko dira, azokak egingo diren hiru egunetan trukatu eta artikulu berriak lortu ahal izateko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago