Emakumezkoen Eskubaloiaren Eguna antolatu du Eharialdea klubak

Erredakzioa 2025ko mar. 5a, 16:22

Eharialdea taldea, partida batean. Argazkia: CBF EHARIALDEA

Euskadiko eta Italiako selekzio absolutuen arteko partida jokatuko da, Lakua 03 kiroldegian.

Eharialdea Emakumezkoen Eskubaloi Klubak Emakumezkoen Eskubaloiaren Eguna antolatu du, datorren martxoaren 8an, Gasteizko Lakua 03 kiroldegian. Klubaren ibilbidea eta Araban emakumezkoen kirola aitortzeko eta ospatzeko jardunaldi berezi bat izango da.

Goizean zehar jolasak eta partidak egingo dira txikientzako; eta klubeko partida ofizialak ere jokatuko dira: Vital Fundazioa-Muskiz Zuria kadeteak, Gomes-Kukullaga Etxebarri jubenilak, eta Eraikien-Ibaizabal seniorrak. Jardunaldiari amaiera emateko, Euskadiko eta Italiako selekzio absolutuen arteko partida jokatuko da.

Euskararen erabileraren garrantzia

Eharialdea Emakumezkoen Eskubaloi Kluba 1987an sortu zuten, eta 2011tik du oraingo izena. Emakumeen eskubaloian soilik aritzen den Arabako talde bakarra da, eta sortu zenetik kirol horren sustapenean eta oinarrizko hezkuntzan lan handia egin du, bereziki Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko etapetan. Bere lana Luis Dorao, Lakuabizkarra, Barrutia, Escolapias, Sansomendi, IES Miguel de Unamuno eta IES Mendebaldea ikastetxeetan garatu du.

Sansomendi auzoan sortutakoa da kluba, "eskubaloia betidanik komunitatearen eta esfortzuaren ikur izan den tokian"; eta azken hilabeteetan belaunaldi aldaketa izan da klubaren zuzendaritzan. "Jokalariek, entrenatzaileek eta beste hainbat kidek erabaki dute proiektuari biziberritze bat ematea, egituratzea eta nortasun berritua ematea, alegia", azaldu dute klubeko kideek. Taldeko kideentzat, kirol jarduera bat baino askoz gehiago da Eharialdea: "babesleku bat da"; eta "ahalegin partekatuari eta adiskidetasunari esker", gizarte sare sendo bat eraikitzea lortu dutela azpimarratu dute, "bai klubarentzat, bai Gasteizko Sansomendi auzoarentzat".

Zuzendaritza berriaren "lorpen handienetako bat" izan da jokalariek, gazteak eta ikuspegi freskoarekin, "lankidetza, euskararen erabileraren garrantzia eta elkarrekiko laguntza lehentasun bihurtu dituztela, klubaren sentimendua indartuz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago