Martxan dago jadanik San Frantzisko Asis eliza Memoria Demokratiko Gune izendatzeko prozesua. Gaur goizean argitaratu da BOEn, Estatuko Aldizkari Ofizialean, baina izendapena ez da automatikoa. Beste elkarte batzuek eta tokiko erakundeek txosten batzuk sortu beharko dituzte izendapenaren harira, eta helegiteak aurkezteko epea ere egongo da. Behin fase hori amaituta egingo da izendapen ofiziala, eta plaka bat jarriko dute elizan, "memoria demokratikoaren gune" gisa identifikatzeko.
Martxoak 3 elkarteak kritika egin dio BOEko argitalpenari, 1976ko sarraskia "gertakari" gisa aipatzen dutelako ("sucesos" jatorrizko gazteleraz). Argudiatu dutenez, "ez da terminologia egokia zigorgabe gelditu diren bost erailketaz hitz egiteko".
Espainiako Gobernuaren konpromisoa
Sarraskiaren 49. urteurrenean Zaramagan egon da Fernando Martinez Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria. Bertan adierazi du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela martxoaren 3an "gertatutakoa" zabaltzeko, baita "nazioarteko zirkuituetan" ere.
1937ko Gernikako bonbardaketak daukan izendapen edo maila berdina hartzen du hala martxoaren 3ko sarraskiak.