1986ko martxoaren 12an Hego Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri, Felipe Gonzalezek Estatu mailan antolatutako erreferendumean. Data hori gogoan, ezezko horren espirituari berriro heltzeko dei egin du Askapena antolakunde internazionalistak, eta mobilizazioak iragarri ditu martxoaren 12rako Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Atzo, gaur eta beti NATOri ez! lelopean, Gasteizko mobilizazioa 19:30ean izango da Correosen plazan, hilaren 12an bertan, datorren asteazkenean. NATO antolakunde kriminala dela salatu dute, eta inperialismoaren tresna nagusia dela herriak zapaltzeko. NATOren aurkako olatua berrantolatu eta berpizteko dei egin dute.
Palestinar herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan, eta "inperialismo atlantistak herri langileen aurka egiten duen erasoaldiaren" testuinguru orokorrean, beharrezkotzat ikusi dute "sozialdemokraziaren irtenbiderik gabeko bideen aurka" egitea. Ofentsiba inperialistari aurre egiteko antolatzera deitu dute.