Tokiko Gobernu Batzordeak ostiralean esleitu zuen Judimendiko gizarte etxearen birgaitze energetikorako obren kontratua. "Lanen tamaina dela eta" ekainetik aurrera hamabost hilabetez itxita egongo da udal instalazioa. Obrak amaitzean energia primario ez berriztagarrien kontsumoa %43 murriztea aurreikusi du udalak.
Judimendiko gizarte etxeak 35 urte beteko ditu apirilean, eta "ezinbesteko hobekuntza handia" behar zuela argudiatu dute udaletik. Ocisa enpresari esleitu dizkiote lanak, eta Gasteizko Udalak 4.219.235,35 euroko inbertsioa egingo du. Geldialdia baliatuko dute gizarte etxea suteei aurre egiteko segurtasun baldintzetara egokitzeko, eta eraikina Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legera egokitzeko.
Eraikinaren barrualdea zein kanpoaldea eraldatuko dira lan hauekin. Fatxadan 10-16 zentimetro arteko isolamendu geruza jarriko dute, eta barrualdean energiaren erabilpena hobetzeko lanak izango dira zeregin nagusia, adibidez, igerilekuko ura berritzean energia berreskuratzeko sistema egokituta. Sorgailu fotovoltaiko berria ezartzea ere aurreikusten du planak, gizarte etxearen autokontsumorako.
Alternatibak eskainiko ditu udalak
Itxieraren eragina murrizteko asmoz, Oinarrizko Gizarte Zerbitzua Aranako gizarte etxean eta BIZANean jaso ahal izango dute Judimendiko ohiko erabiltzaileek. Auzoan bertan espazio alternatiboen bila ere ari da udala, "maila teknikoan posible bada", herritarren arretarako eta informaziorako behin-behineko bulegoa prestatzeko.
Inguruko gizarte etxeetako zerbitzua indartuko dutela ere iragarri dute udaletik, izan liburutegiak, kirol jarduerak edo bestelakoak. Arana, Salburua eta Hegoalde gizarte etxeek jasoko dute pisu gehiena, gertukoenak baitira. Iragarri dute eskolako igeriketako eta ezinduentzako uretako programetako erabiltzaileek lekua erreserbatuta izango dutela gertuko igerilekuetan. Ikasturteko programazioari dagokionez, 2025-26 ikasturtean ezingo da Judimendin jarduerarik egin.
Aldaketak eragingo dieten pertsonei "pazientzia eta ulermena" eskatu diete Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen sailetik, eta edozein eskaera edo zalantza aurkezteko atea beti zabalik izango dutela adierazi dute.