Klima aldaketa aztertzeko proba eremua izango da Kapasoro mendia

Erredakzioa 2025eko otsailaren 28a

Kapasoro mendian inbentario lanak egin ziren 2022an. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gamizko kontzejuan kokatuta dagoen mendia, lau urtez, baso lurren osasuna eta jasangarritasuna aztertzeko Europako HoliSoils proiektuaren barruan sartuko dute.

Gasteizko Udalaren, Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (IGI) eta Gamizko kontzejuaren arteko lankidetza hitzarmena onartu du gobernu batzordeak, Kapasoro mendi publikoan dagoen lursaila ikerketa helburuetarako bideratzeko. Akordio horrek lau urteko iraupena du, eta Europako HoliSoils proiektuaren barruan kokatuta dago. Proiektua klima aldaketari eta kudeaketako jardunbide desberdinei erantzunez baso lurren osasuna eta jasangarritasuna aztertzeko ekimena da.

Gamiz kontzejuak aurretik ere jarri zuen lursaila erabilgarri HoliSoils proiektuaren esparruan; IGIk, berriz, ikerketa taldea zuzendu eta koordinatu du, eta Espazio Publikoaren eta Auzoen Saileko Landa Eremuaren Zerbitzua arduratu da lurzatiaren diseinua eta mantentze lanak gainbegiratzeaz. Lursail horretan –hektarea bateko azalera du gutxi gorabehera–, zuhaitzak mozteko eta zurezko hondakinak lurrera gehitzeko tratamendu desberdinak dituzten azpi lursailak ezarri dira, eta horiek potentzial handia eskaintzen dute basoko ekosistemetan klima aldaketak dituen ondorioei buruzko azterlan zientifikoak egiten jarraitzeko.

Proiektuaren aurrekariak

2021ean, IGI Landa Eremuaren Zerbitzuarekin harremanetan jarri zen HoliSoils baso ikerketako Europako proiekturako entsegu bat hartzeko egokia izan zitekeen baso hostozabalen mendi lursail baten bila ari zelako. Hain zuzen ere, proiektua baso ikerketako institutu batekin batera garatu nahi zuten.

Landa Eremuaren Zerbitzuak proposamena eta beharrezko baldintzak aztertu zituen, eta proiektua Gamizko mendian egin zitekeela ondorioztatu zuen. Jarraian, kontzejuak oniritzia eman eta lursaila egokitzeko lanei ekin zieten. Hautatutako lur eremuan, intentsitate desberdineko baso jarduerak egin eta lurzoruan izandako ondorioak aztertu zituzten. Proiektua Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikerketa talde batek egin zuen, Frantziako eta Errumaniako beste bi talderekin batera.

Baso kudeaketan biodibertsitatea kontserbatzeko emaitzak interesgarriak direnez eta lurzatiak sentsoreak, detektagailuak eta estazio meteorologiko bat dituenez, entseguen lursail horrek izaera iraunkorra izan dezakeela eta hainbat ikerketa proiektu har ditzakeela erabaki dute. Zehazki, klima aldaketaren testuingurua aintzat hartuta, gure inguruneko hariztien hazi bidezko birsorkuntzari buruzko azterlana egiteko aukera aztertzen ari dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago