Gaur bete dira 49 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zela, eta urteurrena baliatuta adierazpen bateratua egin dute Gasteizko Udaleko EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin taldeek. Bertan saharar herriaren justizia, askatasun eta autodeterminazioarekin duten “konpromiso hautsezina” berretsi dute, eta nazioarteko komunitateari dei egin diote “bidezko kausa” horrekin bat egin dezala.
Gogorarazi dute azken urtean Mendebaldeko Saharak “garaipen historikoa” lortu duela Europako auzitegietan, Marokok beren baliabide naturalez baimenik gabe egiten duen ustiaketa legez kanpokoa dela adierazi baita. Marokoren “espoliazio sistematikoa” salatu dute, eta ohartarazi dute “greenwashing” edo “zuriketa berdea” egiten duela Marokok Mendebaldeko Saharan.
Izan ere, Saharako lurretan energia berriztagarrien proiektu ugari sustatu ditu indar okupatzaileak, klima aldaketaren aurkako neurri gisa. Hiru alderdiek adierazi dute erbesteratutako sahararrek muturreko tenperaturak eta ur eta baliabide eskasia jasan behar dituztela Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan, “lurralde okupatuetan Marokok greenwashinga egiten duen bitartean”.
Babesa eta eskakizunak
EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin taldeek Fronte Polisarioaren “jarrera irmoa” txalotu dute, errefusatu egin duelako NBEko Idazkari Nagusiaren Mandatari Pertsonalak egindako proposamena, Mendebaldeko Saharako lurraldea zatitzekoa. Gogorarazi dute lurra zatitzea nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela, eta bateraezina dela “saharar herriaren autodeterminazioaren eta subiranotasunaren printzipioekin”. Bide batez, berretsi dute Fronte Polisarioa dela saharar herriaren ordezkari “legitimoa eta bakarra”.
Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela gogorarazi dute, eta lurralde okupatuan giza eskubideen urraketa larriak eragin dituela salatu dute. Adierazi dute “onartezina” dela Marokok Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzen jarraitzea, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa delako, eta eskualdean diharduten enpresei eskatu diete legedia errespetatzeko.
Preso politiko saharar guztien berehalako askatasuna exijitu dute, eta bertan behera utz ditzatela giza eskubideen aldeko ekintzaileen aurkako jazarpena eta torturak. Espainiako Estatuak duen erantzukizun gehigarria ere nabarmendu dute, “Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea den aldetik”, eta exijitu diote jarrera aktiboa hartu dezala saharar herriaren autodeterminazio eskubidearen defentsan.