Kutxabankek Gasteizen familia bat etxegabetu nahi duela salatu dute

Erredakzioa 2025eko otsailaren 27a

Gasteizko epaitegiaren aurrean agerraldia egin du Auzoan Bizi etxebizitza sareak. Argazkia: Hala Bedi

Epaiaren zain gelditu da lau adingabe dituen familia. Kutxabanki etxegabetzeen eta armen salerosketaren bidez aberastea leporatu diote.

Gaur Gasteizko epaitegietan familia bat epaitu dute, eta etxegabetze arriskuan daudela salatu du Auzoan Bizi etxebizitza sareak. Fiskaltzak isun ekonomikoa jartzea eta familia etxetik botatzea eskatu du. Lau adingabe daude senideen artean, eta urtebete daramate Kutxabanken jabetzako etxe batean bizitzen Gasteizen. Epaiaren zain gelditu dira, goizeko saioaren ostean.

Auzoan Bizi etxebizitza sareko kide da familia, eta saretik Kutxabank seinalatu dute arduradun gisa. Hala ere, Harri Inmuebles higiezin agentziak kudeatu du etxebizitza, eta epaiketan zehar irregulartasunak salatu ditu Auzoan Bizik. Ohartarazi dutenez, Harri Inmuebleseko ordezkariek etxebizitzaren eta familiaren inguruko ezjakintasuna erakutsi dute. 

Salatzaileek aurkeztutako titulartasun dokumentuak ez du balio juridikorik, etxebizitza saretik salatu dutenez, 2020. urteko "ohar sinple" bat besterik ez omen dute aurkezu, eta gainera bertan agertzen zen etxebizitzaren helbidea ez zen zuzena. Sarearen iritziz, "horrek argi uzten du haientzat etxebizitza hori espekulazio objektu bat besterik ez dela".

Familiak etxebizitzan bizitzen urtebete darama, eta bertan bizi direla egiaztatzen duten hainbat agiri izan arren, Gasteizko Udalak ez ditu bertan erroldatu, Auzoan Bizik salatu duenez. Sareko kideen lanari esker familiari errolda soziala lortu diotela jakinarazi dute.

"Haien jabetzak ala gure bizitzak"

Auzoan Bizitik etxegabetzea berehala gelditzeko exijitu dute, eta adierazi dute ez dutela onartuko familia gehiago etxetik kanporatzea bankuek beren irabaziak handitzen jarraitzen duten bitartean, "pertsonen prekarietatearen kontura".

Gogorarazi dute 2024an Kutxabankek 396,2 milioi euroko irabaziak izan zituela, "etekin izugarriak", eta irabazi horiek "etxegabetzeetatik eta armen salerosketan egindako inbertsioetatik" atera dituztela salatu dute. "Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik" adierazi dute Auzoan Bizitik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago