ARGAZKI GALERIA

Heldu dira Gasteizko Alde Zaharreko inauteriak

Erredakzioa 2025ko ots. 26a, 09:22

Goianeko hezitzaileek kantaldia egin dute Ramon Bajo eta Landazuri eskoletako ikasleekin. Ostiral arratsaldean egingo dute Zurrunbonen epaiketa.

Gasteizko Alde Zaharreko inauteriak berreskuratzen dabiltza Goian proiektu hezitzaileko kideak eta auzoko ikastetxeak. Asteartean kantaldia egin zuten Ramon Bajo eta Landazuri eskoletako ikasleek, Goianeko kideekin batera. Andre Maria Zuriaren plazan egitekoa zen ekimena bananduta egin behar izan dute bi ikastetxeek, Landatxoko kiroldegian eta Landazuriko jolastokian.

 

Ostiralean izango da auzokideen gaitzak erretzeko momentua. Komunitateari eraso egiten dioten ezbeharrak irudikatzen ditu Zurrunbonek, "arrazakeria, matxismoa, etxebizitzaren inguruko espekulazioa, politikoak, komertzioen egoera...", eta ostiralean epaituko dute, gaitzak ikusarazi eta erre egingo dituzte.

Santa Maria plazan elkartuko dira otsailaren 28an, 17:45ean. Kalejira bat egingo dute lehenik, eta 18:45ean epaituko dute Zurrunbon, dantza eta txokolatada artean. Mozorrotuta hurbiltzeko dei egin diete auzokideei. Gainera, paper batean idatzita eraman behar dira aurten erre beharreko gauza txarrak, bizpahiru lerrotan eta nahi den hizkuntzan.

100 urteko debekua

Goianeko kideek azaldu dutenez, 1920ko hamarkadan galdu ziren Gasteizko kale inauteriak. Galdu baino, debekatu egin zituzten maskarak, kantuak eta autoritateen mozorroak, besteak beste. Festa handia omen ziren Gasteizko inauteriak, eta inguruko herrietatik hurbiltzen omen zen jendea. Diotenez, jai herrikoiak besterik ez ziren debekatu, "klase aberatsen inauteriak, ordea, ez", eta areto pribatuetan ospatzen jarraitu omen zuten.

Araban beste hainbeste inauteri berreskuratu diren bezala, Gasteizko Alde Zaharrean ere hala egin zuten 2018an, eta urtebete beranduago agertu zen Zurrunbon, auzoko gaitz guztien ikurra. Ostegun larderoa txikien eguna izaten da (aurten asteartean ospatu dutena osteguneko hezkuntza grebagatik), eta kalera irteten dira kantuan aritzera.

Irudiak eta bideoa: Goian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!