Euskararen erabilera eta motibazioa helburu, ikasturte hasieran ekin zioten Gasteizko Ramon Bajo eskolako komunitatean 'Keinu txikiak' egitasmoari. Autobiografia linguistiko batzuk jasotzen hasi ziren, ikus-entzunezkoen bidez, euskararen alde egindako norbanako ekarpenen berri izateko.
Bost bat minutuko iraupena duten bideoetan, eskola komunitateko kideek euskararen inguruan izan dituzten bizipenak bildu dituzte, kideak hobeto ezagutu eta euskara erabilera bultzatzeko. Euskararen alde egindako "keinu txikiak" nabarmendu nahi dituzte, eta dauden esperientzien berri eman. Besteak beste, euskara helduaroan ikasi zuen Ruben Sanchez, Argelia eta Siriako Hafsa Tahir eta Ruba Hassen, edo Franco garaiko eskoletan ikasi zuten Lourdes Uribarri eta Itziar Ruiz de Larrearen lekukotasunak jaso dituzte Youtuben euskara batzordeak duen kanalean.
"Eskola komunitatetik harago, hirian edo bestelako eskola inguru batera ere esportagarria izan daiteke esperientzia", azaldu dute Basartea elkartetik, Ramon Bajo ikastetxeko gurasoen elkartetik.
Autobiografia linguistikoak ezagutarazi ostean, gurasoei euskara ikasteko aukera eskaini zaie, eta eskolan bertan gurasoentzako euskaltegi bat jarri dute martxan, beste ekimen batzuen artean.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!