Lehen atxiloketa Pilar auzoan egin zuten, astearte gauean. Gauerdi aldera, 092 telefonora deitu zuten, gizon batek emakume bati kalean eraso egin ziola ohartarazteko. Bertara iritsi zirenean, gizona eta emakumea ez zeuden bertan, baina poliziak lekuko batekin elkarrizketatzen ari ziren bitartean, emakume baten oihuak entzun zituzten eta laguntzera joan ziren. Emakumeak esan zien bikotekideak eraso egin berri ziola, eta alde egin zuela. Biktimak eskuan lesioak zituela ikusirik, poliziak gizonaren bila abiatu ziren, eta minutu batzuk geroago Bilbo plazan aurkitu eta atxilotu egin zuten.
Bigarren erasoa asteazken goizaldean gertatu zen. 38 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea egotzita. Biktimak berak aurkeztu zuen salaketa, Agirrelandan; eta aurretik antzeko erasoen biktima izan zenez, ospitale batera joan zen zauriak artatzera. Emakumeak emandako informazioari esker, poliziek gizona bere etxebizitzan aurkitu zuten, eta haren bertsioa entzun ondoren, atxilotu egin zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.