Ertzaintzak Salburuan egindako "sarekada arrazista" salatu dute hainbat eragilek

Erredakzioa 2025eko otsailaren 19a

Gasteizko GKSk elkarretaratzea egin zuen atzo gazteen kriminalizazioa salatuz. Argazkia: GKS

Igandean operazio handia egin zuen poliziak Gasteizko futbol txapelketa batean, "gazte bandetako kideen presentzia posiblea" argudiatuta. Arrazializatuak identifikatu eta zuriei "joaten utzi" zietela salatu dute.

Igande arratsaldean Ertzaintzak sarekada ikusgarria egin zuen Gasteizen, Salburua auzoko Gabriela Mistral futbol zelaietan. Sare sozialetatik 1vs1 futbol txapelketa bat zegoen deitua, eta 300 pertsona inguru zeuden bilduta bertan, adin txikikoak asko, ikusle eta parte hartzaile artean. Ertzainek txapelketan zeuden gazte asko atxiki, identifikatu eta miatu egin zituzten.

Hainbat eragilek, tartean Gasteiz Antirrazistak eta GKSk, gaitzetsi egin dute igandeko operazioa, eta kriminalizazio ariketa bat izan zela salatu, gazteen aurka eta bereziki pertsona arrazializatuen aurka. Gazteak futbolean jokatzen besterik ez zeudela adierazi dute, eta ez zela istilurik egon Ertzaintza bertaratu zen arte. Aurrez antolatutako operazioa izan zen poliziarena, ez momentuko salaketa bati erantzuna.

Salburua Burdinbide auzo elkarteak ere irmoki salatu du Ertzaintzaren esku-hartze "neurrigabea", eta babesa adierazi diete Salburuko gazteei. Adierazi dute gazteen ekimenak aberasgarriak direla eta komunitatea eraikitzen lagunten dutela. Ertzaintzaren buruei operazioaren inguruko azalpenak eskatu dizkiete, operazioa justifikatzeko arrazoiak azaldu ditzaten. Salburua den "auzo koloretsua" aldarrikatzeko argazki jendetsu bat egiteko dei egin dute ostiralean, otsailak 21, 17:30ean, auzoko Ekialdeko parkean.

Arrazializatuak kriminalizatzeko sarekada

Gasteiz Antirrazista taldetik poliziaren arrazakeria salatu dute, eta gazteen aurka erabilitako indarkeria gaitzetsi. Gazte arrazializatuak bortizki hartu zituztela adierazi dute, atxiki eta miatu egin zituztela denbora askoz. Adierazi dutenez, polizia operazioan gazte arrazializatuak soilik atxikitzen zituzten, eta "txuriei etxera joaten utzi" zietela. Gazteak beldurtzeari uzteko eskatu dute.

Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Salburuan, polizia operazioa gaitzesteko. Gazte langileen kriminalizazioa borrokatu lelopean, adierazi zuten "arrazakeria kasu argia" izan zela, "pertsona arrazializatuen bila joan zirelako." Migratzaileen aurkako kriminalizazio kanpainaren baitan kokatu zuten igandeko gertakaria, eta gaitzetsi zuten pertsona migratzaileak segurtasun faltarekin lotzea. "Geroz eta erreakzionarioagoa den zentzu komunari ateak are gehiago irekitzea" leporatu zioten Ertzaintzari.

Aiman42 rap abeslaria bertan egongo zela iragarria zegoen antolakuntzatik, eta berak ere salatu du poliziak tratu "lotsagarria" eman ziela, "10 eta 20 urte arteko haurrak bakarrik zeuden futbol ekitaldian." Kirola sustatzen besterik ez zeudela adierazi du sare sozialetan, eta polizia "haurrak beldurtzera" joan zela.

Ertzaintzaren prebentzio operazioa

Ertzaintzak istiluen aurkako sei furgoi erabili zituen sarekadarako, lau patruila ibilgailu, 50 ertzain, eta baita txakurrak eta drone bat ere. Sarekadaren hurrengo egunean argitaratu zuen azalpen agiri bat poliziak, eta bertan defendatu zuten operazioa egin izana "gazte bandak agertzea posible" zelako, eta istiluak saihesteko. 

Antolatzaileek ukatu egin dute gazte banden presentzia, azaldu dute ez zela inolako borrokarik egon bertan, eta poliziak sortu zituela istiluak. 44 pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak guztira, eta hiru administrazio espediente zabaldu zituen estupefazienteak eramateagatik. Laban bat ere aurkitu zuten, lurrean botata.

Agiri berean, Ertzaintzak argudiatu zuen inguruko bizilagunak kexatu egin zirela topaketak eragindako zaratengatik. Hala ere, aurrez prestatuta zegoen operazioa, eta ez zen kexa hauen ondorio izan. Gabriela Mistraleko zelaiak kirola egiteko zonaldea dira, eta 17:00etan zegoen deitua txapelketa, zarata hain zigortua ez dagoen orduetan.

Ez dago bandarik Gasteizen

Iñaki Gurtubaik, iazko ekainean, Segurtasun zinegotzi zela, esan zuen Gasteizen ez zegoela "gazte bandarik", eta bereizketa egin zuen gazte banden eta delituak egiten dituzten gazte taldeen artean. "Bandek hierarkia argia dute, iniziazio erritoekin", eta halakorik ez zegoela adierazi zuen. Hala ere, adierazi zuen delituak egiten zituzten taldeak bazeudela Gasteizen, "gutxi gorabehera egonkorrak" direnak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago