LGTBI+fobiaren aurkako kirola aldarrikatuko dute Gasteizen

Erredakzioa 2025ko ots. 18a, 14:41

Kirolean espazio segurua izateko sortu zen Miaukatuz kirol kluba. Argazkia: Miaukatuz

Boleibola eta errugbiaren bidez kontzientzia zabaltzeko bildu dira Gasteizko hainbat elkarte. Otsailaren 21ean Landatxoko kiroldegian egingo dute ekimena.

Kirol munduan jarrera LGTBI+fobikoak ohikoak dira oraindik ere. Horren aurrean, bazterketarik gabeko kirola aldarrikatzeko ekintza bateratua antolatu dute Gaztedi errugbi taldeak, Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta Miaukatuz kirol klubak.

Otsailaren 21ean, 18:00etatik 19:30era, Landatxoko kiroldegiko "espazio publikoa okupatuko" dute hiru eragile hauek eta gerturatzen diren guztiek. "Gure burua ikusaratzeko, boleibol eta errugbian jolasteko, jai giroaz gozatzeko eta kirolean LGTBI+fobiaren aurka kontzientziatzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, egun oraindik badaude kirol giro oldarkorrak, "bereziki maskulinitatearekin lotura handia dutenen artean". Ohartarazi dute gune horietan guztiz normalizatuta daudela irain LGTBI+fobikoak, eta homofoboak bereziki. Bestalde, salatu dute LGTBI+fobia "arau bihurtu" nahi izatea, pertsona transak kirol eremutik kanporatzea bilatzen duten diskurtsoen bidez.

Indarkeria "normatibo eta estruktural" horri aurre egiteko asmoa azaldu dute, eta publikoki salatu dute LGTBI+ gorputzak zalantzan jartzen direla. Gaitzetsi dute "arazo ideologikotzat" hartzen dela aniztasuna eta LGTBI+ pertsonen existentzia bera, arau "zisheteropatriarkala" zalantzan jartzen dutelako. Arau honek, azaldu dutenez, erdigunean jatzen ditu gizon zis heterosexualak, "haien gorputzak eta desirak", eta bazter uzten du halakoa ez den edonor.

"Gainerakoak joko zelaitik kanporatzen gaitu" arau honek, salatu dutenez. Kirol inklusiboa eta anitza aldarrikatzeko beharra adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago