Gasteizko Udala musikari bila dabil, Andre Maria Zuriaren jaietan Falerina lorategian kontzertua jotzeko. Foru plazako programazioa aurkeztu dute jadanik, adibidez, baina Falerinako egitaraua osatzeko deialdi irekia zabaldu du udalak, berritasun gisa.
Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak aurkeztu du ekimena, aukera emateko hain ezagunak ez diren talde gasteiztarrei beren musika ezagutarazteko. Interesa dutenek martxoaren 18ra arte izango dute epea udalaren webgunean dagoen formularioa betetzeko. Horretarako zenbait baldintza bete beharko dituzte, gutxienez kide bat Gasteizen jaioa izatea edo bertan bizitzea.
Martxoaren 18tik aurrera Kultura sailak hautatuko ditu Falerinan arituko diren musika taldeak. Hautatuak ez direnak, hala ere, udalaren datu basean gordeta geldituko direla azaldu dute, hurrengo urteetako jaietarako edo sailak bultzatzen dituen beste ekimen batzuetan kontuan hartzeko.
Zortzi musika talde hautatuko dituzte aurkezten direnen artean, eta hamar talde izango dira guztira. Izan ere, Gazte Talent lehiaketako irabazleek lortua dute jada lekua lorategiko oholtzan. Bixonte Dort eta Belgorri taldeak izango dira.
Bertako taldeentzako gunea izaten da Falerina, eta bi emanaldi egiten dira egunean, 19:00etan bata eta 20:30ean bestea, abuztuaren 5etik 9ra. "Andre Maria Zuriaren jaietan, Falerinako Lorategiko agertokia Gasteizko musika-taldeentzako erakusleiho bihurtzen da, eta denek bertan jotzeko aukera izatea nahi dugu", adierazi du Diaz de Corcuera zinegotziak. Euskararen presentzia, eta generoari dagokionez parekidea izatea bilatuko dute antolatzaileek.