Elkarrekin udal taldeak ohe gehiago eskatu ditu kalean lo egiten dutenentzat

Erredakzioa 2025eko otsailaren 17a

Pertsona bat kalean lo egiten.

Udalak eskainitako ohe kopuruaren bikoitza da itxaron zerrendako jende kopurua. Etxebarriaren gobernuak jarritako ohe berri kopurua "onartezina" dela salatu dute.

Elkarrekin Vitoria udal taldea babes bila dabil udalbatzarrean, zerbitzu publikoetan ohe gehiago eskaintzeko kalean bizi diren pertsonentzat. Haien "oinarrizko eskubideak duintasunez eta gizalegez" artatzeko beharrezkoa dela argudiatu dute.

Kritika egin diote Maider Etxebarriaren Udal Gobernuari, eta "onartezintzat" jo dute hemezortzi plaza gehiago bakarrik jarri izana zero azpiko tenperaturak dauden gauetan etxerik ez dutenak babesteko. Izan ere, dauden lekuen bikoitza da itxaron zerrendako eskatzaile kopurua.

Gizarte Politiken sailaren datuen arabera 65 lagun daude itxaron zerrendan, Harrera Sozialeko Udal Zentroa eta Aterpe zerbitzuen artean. Eta eskaera igo egingo dela aurreikusten dute Elkarrekin taldetik. Toki erakundearen arabera 107 pertsona daude etxerik gabe Gasteizen, baina gizarte eragileen zenbaketan 200 pertsona ere zenbatu dituzte kale egoeran.

Udalari eskaera egiteaz gain, Foru Aldundiari ere egin diote dei, bete ditzan gizarte bazterketari aurre egiteko jarritako neurriak, eta leporatu diote "orain urte batzuetatik betetzeko" dauzkala hartutako konpromisoak. Elkarrekinen aldundiko taldeak ere antzeko eskaera bat erregistratuko duela iragarri dute.

Elkarrekin taldearen ustez Gasteizek ez luke onartu behar inork kalean lo egitea, eta gogorarazi dute laguntza eskuratzea "eskubide unibertsal eta subjektiboa" dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago