Glow diskoteka seinalatu du Itaiak emakumeen sexualizazioa bultzatzeagatik

Erredakzioa 2025eko otsailaren 17a

Emakumeen sexualizazioarekin negozioa egitea leporatu diote diskotekari. Argazkia: Itaia

'La isla de las tentaciones' saioan oinarritutako festa izan zen diskotekan larunbatean. Emakumeak objektu sexual gisa aurkezteak dituen "ondorio fisiko zein psikologiko lazgarriak" salatu dituzte.

Joan den larunbatean La isla de las tentaciones programan oinarritutako festa egin zuten Gasteizko Glow diskotekan, eta telebista saioko protagonista batzuk izan ziren bertan gonbidatu gisa. Gasteizko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak diskoteka seinalatu du, "emakumeen sexualizazioa bultzatu eta ideia matxistak zabaltzea" leporatuta.

Zuen negozioak objektu sexual bihurtzen gaitu! margoketa egin dute Glow diskotekaren atean. Itaiak salatu duenez, industria kulturalak normalizatu egiten ditu emakumeen gaineko presioa handitzen duten estandar estetikoak, eta gainera, urtero milioika euroko irabaziak lortuz. Emakumeengan segurtasun falta, beldurra eta ezinegona sortzen dituela salatu dute, eta industria estetikoak negozioa egiteko baliatzen duela ohartarazi.

La isla de las tentaciones saioak zortzi denboraldi egin ditu jadanik, eta Telecinco kate espainiarraren saio ikusienetakoa da. AEBetako Temptation Island saio arrakastatsuan oinarrituta, bikoteen leialtasuna ezbaian jartzean oinarritzen da saioa. Bost bikote eramaten dituzte Dominikar Errepublikara, eta han bananduta bizi behar dute bi etxetan, haiek erakartzen saiatuko diren beste neska edo mutil batzuekin batera.

Hainbatetan salatu izan da saioak emakumeen hipersexualizazioa sustatzen duela, eta bikote harremanetan jokabide toxikoak normalizatzen dituela. Morboa eta sentsazionalismoa bilatuz, emakumeak objektu sexual gisa aurkezten dituela kritikatu izan da, eta haien balioa neurtzen dela gizonak erakartzeko duten gaitasunaren arabera.

Ondorio lazgarriak gizartean

Itaiak ere bat egin du kritika hauekin, eta ohartarazi du saioak zabaldutako irudiak ondorio "fisiko zein psikologiko lazgarriak" sortzen dituela. Geroz eta gazte gehiagok haien gorputzekiko dismorfia izatea edo presio estetikoak autoestimuan duen eragina aipatu dituzte arazoen artean, eta "egoera larria" dela adierazi. "Emakumeok etengabe sexualizatzen gaituen oinarri kulturala" ezartzen ari da gizartean, salatu dutenez. Harreman eredu eta ideia toxikoak zabaldu eta normalizatzea ere egotzi diote saioari, eta baita Glow diskotekari ere, eduki horiei leku egiteagatik.

Jarrera eta ideia matxista zein erreakzionarioei "atea ixtea" urgentziazkoa dela adierazi dute Itaiatik. "Ez gara objektu sexualak, eta ez gara bigarren mailako pertsonak. Horregatik, emakumeok sexualizatzen gaituen kultura eta horretatik irabaziak lortzen dituen industria kulturala seinalatzea dagokigu".

Audientzia liderra, bereziki gazteen artean

La isla de las tentaciones oso arrakastatsua izan da audientzia aldetik. Otsaileko azken saioan 1.641.000 ikusle izan zituen Espainian, eguneko saio ikusiena izan zen. Saioaren zortzigarren denboraldiak audientziaren %17,2 jasotzen du batez bestean, astelehenetako saioan. Liderra da bere emisio tarteetan, eta goranzko joera argia du.

Gainera, gazteen artean du arrakasta gehien, eta horrek kezkak areagotu ditu etorkizuneko belaunaldiei zabaltzen ari zaien harreman eta sexualizazio ereduaren kritika artean. 13-24 urte bitarteko gazteen %43,2ak ikusten du saioa, eta 25-44 urte artekoen %30,1ak. Gazteek telebista ikusteko joera jaisten ari bada ere, gerora ikusten dute askok. Aurrez grabatutako saioen artean, 2025eko hamar saio ikusienen artean bederatzi dira La isla de las tentaciones.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago