EHUko Errektoretza talde berriak erabaki du sexu jazarpenagatik salatutako irakaslea ikasgeletatik aldentzea, behin-behinean. Hainbat salaketa formal jaso ditu unibertsitateak, irakaslearen ustezko jokabideak salatuz, eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatu du Errektoretzak.
Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan argitaratutako salaketa batzuetan publikoki agertu zen kasua otsail hasieran, eta Argia aldizkariko kazetariek lau testigantza zuzen jaso dituzte. Irakasleak ikasleekin jarrera desegokiak izaten zituela salatu dute hainbat pertsonak, jazarpena eta ukituak egiten zizkiela ikasleei, baita autoestimuari buruzko galderak eta ikasleen sexu ohiturei buruzkoak ere.
EHUko Errektoretza taldeak adierazi du "berehalako neurriak" hartzen ari dela, eta horietako bat izan da Letren fakultateko irakaslea ez dela klaserik ematen ari. Jakinarazi dutenez, ez da fakultatera joango "kasua argitu arte". Diskrezioz eta zorroztasunez jokatzen ari direla nabarmendu dute, protokoloak eskatu bezala, eta haien lehentasuna biktimen segurtasuna bermatzea dela. Unibertsitateko komunitateari eta gizarte eragileei eskatu diete erantzukizunez jokatzeko, eta "biktimenganako kalteak areagotu besterik egiten ez dituzten espekulazioetan ez sartzea."
Salaketen arabera, urte luzez iraun du irakaslearen jarrerak, eta lehenago salaketak jaso baditu ere, bere horretan jarraitu duela salatu dute. 2002tik dabil irakaslea Letren Fakultatean klaseak ematen. GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak ere publiko egin du salaketa, eta protestak egin dituzte fakultatean irakaslea kanporatzea eskatuz. Elkarretaratze deitu dute datorren astelehenerako, otsailak 17, 13:00etan, Letretako fakultatean.