Hizkuntzen arteko joan-etorria izeneko solasaldia egingo dute datorren ostiral goizean EHUren Arabako campusean. Jatorrizko hizkuntza gisa lingala, arabiera, friuliera eta katalana dituzten pertsonek beren esperientzia partekatuko dute, euskararekin eta bertako kulturarekin duten harremana aztertzeko. 11:00etan izango da ekitaldia, Arabako campuseko Pabilioian, Gasteizen, eta bi ordu iraungo ditu.
Zer nolako papera dute ama hizkuntzek gizarte elaniztunetan? Galdera horri erantzuten saiatuko dira 21ean. Hizkuntza, kultura eta migrazioaren inguruan gogoeta egin nahi duten guztiei zabaldu diete gerturatzeko gonbidapena. Solasaldian jatorri atzerritarreko pertsonak eta bigarren belaunaldiko migratzaileak bilduko dira, Euskal Herriaren kultura aniztasunaren inguruan hausnartzeko. Azalduko dute nolakoa izan den gizartean integratzeko prozesua, eta nolakoa den ingurune eleaniztun batean bizitzea haien ikuspegitik.
Antolatzaileek gogorarazi dute integrazio prozesua ez dela soilik migratzaileen zeregina, baizik eta "harrera egiten duen gizarteak ere baduela ardura". Horregatik, migratzaileen testuingurua ezagutzeko beharra ase nahi izan dute jardunaldi honekin. Hizlari guzien dute "nolabaiteko harremana" euskararekin. Batzuek txikitan ikasi dute, beste batzuk helduaroan, eta beste batzuk orain ari dira ikasten.
Jardunaldiaren gai nagusien artean daude migrazioa, kulturen arteko bizikidetza, hizkuntza gutxituen babesa, eta hizkuntzak ikastearekin lotutako erronkak eta motibazioak. Gainera, publikoak ere aukera izango du galderak egin eta iritziak partekatzeko.