Ignacio Aldekoa idazle gasteiztarraren jaiotzaren mendeurrenaren bueltan Florida parkeko kultur etxeak haren lanari, literatura ondareari eta idazle belaunaldiari buruzko ekitaldi sorta antolatu du, urte osoan. Tartean bere ibilbide pertsonalaren eta profesionalaren inguruko erakusketa bat antolatzen ari dira; Aurten Aldecoa irakurriko dugu! irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina bat ere abian jarriko dute; eta Aldekoari buruzko argitalpen berriak aurkeztuko ditu aurki kultur etxeak.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Enrique Uriarte kultura etxeko zerbitzuaren buruak aurkeztu dute jardueren programa. "Aldekoa XX. mendeko ipuin idazle onenetakotzat jo dute, baina gazteegi hil zen, 44 urte zituela; eta hogei bat obra utzi zituen Espainiako 50eko hamarkadako korronte neorrealistaren barruan. Kultura etxeak haren lana, literatura ondare eta belaunaldia nabarmentzeko baliatuko du 2025a", adierazi du Del Valek aurkezpen agerraldian. Guztira, 79 ipuin idatzi zituen gasteiztarrak, bi olerki liburu eta dozena erdi eleberri labur.
Aipatu erakusketa eta irakurzaletasun kanpainarekin batera, hitzaldi zikloa prestatu du Gasteizko kultura etxeak, Aldekoaren lana eta bere belaunaldiarena aztertzeko. Hitzaldi ziklo horretan, Espainiako literaturaren historian eta gerraosteko 50. belaunaldian Aldekoak izan zuen lekua aztertuko dute. "Bere ondarea berrikusiko dugu, bere funtsezko literatura generoa azpimarratuz: ipuina edo kontakizuna", esan dute.
Hitzaldiak
Era berean, urtean zehar, liburutegian egileari buruz dagoen bibliografia osatzeaz gain, programazio iraunkorra baliatuko dute hura gogoratzeko. Hala, Ipuina eta kontakizun laburra irakurketa klubaren otsailaren 18ko saioan, bere senarraren inguruan Josefina Rodriguez idazle, irakasle eta itzultzaileak egin zuen ipuin bildumari buruz arituko dira.
Astelehenetako Hitzaldiak zikloaren barruan, berriz, bi hitzordu izango dituzte Aldekoaren inguruan. Lehena, maiatzaren 26an da, Maneras de vivir: Ignacio Aldecoa y el cuento del siglo XX titulupean, eta Angeles Encinaren eskutik. Encinar idazlea eta RAEko akademikoa da. Espainiako literaturako katedraduna da Madrilgo Saint Louis Universityn; Espainiako egungo narratiban aditua da, eta arreta berezia eskaini die emakume egileen ipuinei eta idazketari. Ondoren, azaroaren 24an, La verdad humana en la posguerra: la amistad de Mario Camus e Ignacio Aldecoa, German Gullonen eskutik izango da. Gullon idazlea eta literatura kritikaria da.
Aldekoa, zineman
Bere eleberrietan eta kontakizunetan oinarritutako filmen zineforuma egitea ere aurreikusi du kultur etxeak, Amigos del CineForum Gasteiz elkartearekin lankidetzan. Azaldu dutenez, "filmen idazle" bezala definitu dute sarritan gasteiztarra, "film horietako batzuetan gidoilari gisa izan zuen parte hartze zuzenagatik eta bere literatura adierazpenek dituzten kode zinematografiko ugariengatik".
Hortaz, martxoaren 11n, 19:30ean, Young Sánchez filma proiektatzekoa da Gasteizko Florida zinema aretoetan. Mario Camusek zuzendu zuen filma, Ignacio Aldekoaren kontakizun batean oinarrituta. Eta, segur aski, egun berean, Aldekoaren beste ipuin batean oinarritutako Quería dormir en paz film laburra ere proiektatuko dute. Ondorengo eztabaida Jabo H. Pizarroso zinema kritikariak moderatuko du.
Jarduerak beste eragileekin
Gasteizko kultur etxearekin batera, Aldekoaren oroimenezko jarduerak egingo dituzte, baita ere, herrialdeko beste eragile eta espazio kulturalek. Hala, PhotoAraba atariak Ibilaldia Aldekoarekin erakusketa birtuala prestatu du. Gainera, martxoaren 12tik 15era egingo den Nazioarteko Ipuin Jaialdiaren programazioan Aldekoaren figuraren eta lanaren erreferentziak jasoko dira.
AMBA Arabako Arte Ederren Museoaren Adiskideen Elkarteak, bere aldetik, Ignacio Aldekoaren iloba Adrian Aldekoa margolariari buruzko ekitaldi bat egingo du, idazlearen haurtzaroko eta lehen gaztaroko familia, gizarte, kultura eta arte ingurunea eta testuingurua ezagutzeko.
Halaber, hainbat ikastetxek irakurketak eta literatura jarduerak egingo dituzte, Ignacio Aldekoaren figurari buruz; eta kultur etxeko Haurren Sailean lantegiak eta beste ekintza batzuk ere programatuko dira, Aldekoaren figura gazteenei hurbiltzeko.
Bestalde, aurreikusitako ekitaldien artean, azpimarratu dute, apirilaren 23an, Ignacio Aldekoaren eleberri guztiak biltzen dituen lehen edizioaren aurkezpena eginen dutela, Jose Antonio de Castro Fundazioaren eskutik. Aldecoa: el novelista poético de la generación del medio siglo izenburupean, Javier La Beira Strani idazle, filologo eta 27ko Belaunaldiaren Kultura Gunearen Liburutegiko zuzendariak hitzaldi bat emango du.