Osakidetza aldi baterako langileen eskubideak urratzen ari dela salatuko du LAB sindikatuak ostiral honetan, hilaren 14an, Gasteizko Txagorritxuko eta Santiagoko ospitaleetan. "Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago darama aldi baterako kontratazio zerrendak eguneratu gabe, egungo kontratazio protokoloa bete gabe", ziurtatu du LABek.
Sindikatuaren arabera, ez dituzte aldi baterako zerrenda horietan inskribatutako pertsona berriak zerrendan sartzen, eta 2018-2019ko EPEko notekin ez dituzte zerrendak eguneratu; gainera, langileek aukeratutako ESiren bat aldatzea eskatzen dutenean, aldaketa ez da islatzen. "Hori guztia lanerako eskubidea urratzea da, batez ere behin-behineko langileen lanerako eskubidea, eta oro har, Osakidetzan enplegua lortu nahi duten herritar guztiena". LABek azaldu duenez, Osakidetzako zuzendaritza kontratazio akordioa urratzen ari da, nahiko berria den akordioa hain zuzen, "eta azken hamarkadan lortutako bakarra", gogoratu dute.
Aplikazioarekin arazoak
Kontratazio zerrendak gardentasunez kudeatzeko aplikazioaren funtzionamendu kaskarra da, LABen esanetan, arazoaren arrazoi nagusietako bat; eta salatu dutenez, horrek "erabateko babesgabetasun egoeran" jarri ditu kontratazio zerrendetako kide guztiak.
LABen ustez, oinarrian, lankidetza publiko-pribatuaren ereduan dago akatsa, "EAJk behin eta berriz gaitz guztientzat irtenbide gisa saldu nahi digun ereduan alegia". "Guztiok dakigu –esan du sindikatuak– Osakidetzak prozesu horietarako erabiltzen dituen aplikazio informatiko gehienak kanpoko enpresek diseinatzen dituztela. Enpresa horiek, diru publikoaren kantitate handiak poltsikoratzen dituzte, eta kasu askotan ez dute betetzen eskatzen zaien gutxieneko eraginkortasunarekin ere".