Genero berdintasun ziklo berria aurkeztu du Vital fundazioak

Erredakzioa 2025eko otsailaren 12a

Elikadura nahasmenduak, identitatea eta beste hainbat gai landuko dira zikloan. Argazkia: Vital fundazioa.

30 urterekin bikote gabe egotea, elikadura nahasmenduak, osasun mentala, maskulinitate osasuntsua edo adinkeria dira ziklo berriko proposamenetako batzuk. Martxoaren 6tik ekainaren 12ra ospatuko dute zikloaren lehen zatia.

"Genero berdintasuna" zikloaren edizio berri bat iragarri du 2025erako Vital fundazioak. "Gizarteak aurrera egin dezan" garrantzitsuak diren gaien inguruko hausnarketa sustatzea du helburu zikloak, eta diziplina ezberdinetako ekitaldiak antolatuko dituzte horretarako, izan bakarrizketak, antzerkia, musika edo hitzaldiak.

Zikloaren lehen zatiak martxoaren 6tik ekainaren 12ra arte iraungo du eta Vital Fundazioa Kulturunean izango dira ekimenak, Dendarabaren lehen solairuan. Ekitaldi guztietarako ez da sarrerarik erosi beharko, baina batzuetarako bai, eta eskuragarri daude jadanik fundazioaren webgunean edota Kordoi Etxean.

Hainbat gai landuko dira zikloaren lehen zati honetan, besteak beste 30 urte beteta bikote gabe egotea, elikadura jokabidearen nahasmenduak, identitatea, afektuak, osasun mentala, maskulinitate osasuntsua eta adinkeria.

Egitaraua

Zikloaren hirugarren edizioa izango da hau, eta martxoaren 6an hasiko da Putos 30 bakarrizketarekin, Maria Simon aktorearen eskutik, 19:30ean. 5€ balio ditu sarrerak. Martxoaren 20 eta 21ean berriz, Alma Garciaren Contra Ana antzezlana eskainiko da, 10€ren truke, eta anorexiaz hitz egingo du, egilearen benetako esperientzietan oinarrituta.

Apirilean musika proposamenak helduko dira ziklora. Hilaren 10ean, 20:00etan, Jhana Beat eta La Otra arituko dira "soinu bidaia" eskaintzen, 7€ren truke, ikuskizunean uztartuz "akustikoa digitalarekin, intimoa kolektiboarekin, barea jaiegunarekin".

Apirilaren 24 eta 25ean antzerkia izango da berriz Ya me has tocado el cuento antzezlanarekin, 19:30ean. Iazko No me toques el cuento lanean Disney printzesei buruzko gogoeta egin zuten, eta aurten printze urdinek jakingo dute beren printzesak joan egin direla. 10€ balioko ditu sarrerak, baina ez dira eskuragarri egongo apirilaren 7a arte.

Zikloaren lehen zati hau amaitzeko, adinkeriari buruzko hitzaldia emango du Anna Freixasek ekainaren 12an, 19:30ean, Adinkeriaren aurka, hausnarketa eta ahalduntzea izenburupean. Sarrera librea izango du, aretoa bete arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago