Otsailaren 3an Instagram sare sozialeko Denuncias Euskal Herria kontuan salaketa bat agertu zen, Arabako campuseko Filologia Hispanikoko irakasle bati buruzkoa. Salaketa anonimo horretan adierazten zen ikasleriari "mota guztietako jazarpenak" egiten zizkiola, "bereziki psikologikoa". Ordutik beste testigantza batzuk jaso ditu Instagrameko kontuak, antzeko kasuak azalduz.
Kontakizunen arabera, irakasleak bere bulegora deitu ohi zituen ikasleak, eta eduki sexualeko galderak egiten zizkien, "birjina zara?" eta "kondoiarekin egiten dituzu sexu harremanak?" bezalakoak. Ikasleei, bereziki emakumeei, gerritik heltzeko joera zuela salatu dute, eta testigantza batzuek diote eskutik heltzen ziela, eskua laztanduz, poemak irakurtzen zizkien bitartean.
Haien autoestimuari buruzko galderak egiten zizkiela aipatu dute batzuek, eta egoera zaurgarrian jartzera behartzen zituela. Sare sozialeko salaketen arabera, ezaguna da irakaslearen jarrera, eta salaketa formala ere jaso duela aipatu dute batzuek, baina ez duela ondoriorik izan.
Testigantza zuzenak Argian
Argia aldizkariak Filologia Hispanikoko ikasle ohi batzuekin hitz egin du. Albistean diotenez, kazetariak aipatu gabe denek eman dute irakasle beraren izena. Baieztatu dute halako jarreren lekuko izan zirela, eta sinesgarritasun osoa eman diete sareko salaketei. Hala ere, euren identitatea babesteko ez dute bizipen pertsonalik argitaratu nahi izan. Azken bi hamarkadetan fakultatetik pasatako ikasleak dira, eta jarrera honek denbora luzez iraun duela salatu dute. Argiarekin hitz egindako pertsona batek pertsonalki jasandako sexu eraso bat salatu du.
Argiak jasotako testigantzen arabera, kasua "vox populi" da fakultatean, "urte asko direla". 2002an hasi zen aipatutako irakaslea Gasteizko Letren Fakultatean klaseak ematen. Argiaren lekuko batek ziurtatu du 2019an salaketa aurkeztu zutela ikasleek irakaslearen aurka, baina ez dela "aldaketa esanguratsurik" egon.
EHUko errektoretza taldeak genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatu du salaketen harira, eta "beharrezko neurriak" hartuko dituztela gaineratu du. Baieztatu dute unibertsitateak "hainbat salaketa formal" jaso dituela irakasle honi buruz, eta adierazi dute biktimen eskubideak bermatzea eta babesa ematea dela haien lehentasuna.