Euskal Herriko Unibertsitatean Erdi Aroko errealitatera hurbiltzeko aukera emango dute "Erdi Aroa Euskaraz" hitzaldi zikloarekin. Otsailaren 12an hasita, lau asteazkenez jarraian euskaraz eskainiko dituzte historiako garai honi buruzko azalpenak Arabako campusean, Letren fakultateko gradu aretoan.
Publiko osoari zabalik dago dibulgazio saioen zikloa, azaldu dutenez. 40 minutu inguruko hitzaldiak izango dira, eta solasaldirako tartea izango da ondoren. Doakoa da zikloa, eta sarrera librea izango da aretoaren edukiera bete arte.
17:30ean hasiko dira hitzaldi guztiak. Otsailaren 12an Aitor Armendariz Bosquek gidatuko du saioa. Lantzak, ezkutuak eta harrikadak: nekazal gatazkak iberiar penintsula iparraldean (X. eta XI. mendeak) izango da hitzaldiaren gaia. Hurrengoan, otsailaren 19an, Noblezia, leinua eta familia Behe Erdi Aroan saioa emango du Aintzane Sanchez Labakak.
Etnia eta erlijioa al-Andalusen izango da hirugarren hitzaldiaren muina, otsailaren 26koa hau, Jesus Lorenzo Jimenezen eskutik. Eta azkenik, martxoaren 5ean, Agurain, 1443: gizarte-gatazka eta memoria hitzaldia emango du Ekaitz Etxeberria Gallastegik, zikloari amaiera emateko.