Genero indarkeriagatik 29 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizko Udaltzaingoak, igande gauean, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Gertakariak 22:15ean jazo ziren. Ordu horretan, emakume batek 092 telefonora deitu zuen, Zaramaga auzoko bere etxebizitzan Poliziaren presentzia eskatzeko, senarrak eraso egin ziolako.
Patruila bat berehala joan zen, eta bertan bikotea eta adin txikiko bi semeak topatu zituen. Poliziek banan-banan elkarrizketatu zituzten guztiak, gertatutakoa argitzeko. Antza denez, minutu batzuk lehenago, eztabaida bat izan zuten senarrak eta emazteak, eta borroka bat hasi zen. Borroka horretan, gizonak bikotekideari eraso egin zion, txikien aurrean. Biktimak zituen lesioak ikusita, eta haren azalpenak entzun ondoren, udaltzainek gizona atxilotu zuten.
Urruntze agindua urratuta
Halaber, indarkeria matxistarekin lotutako beste atxiloketa bat izan da ostiral arratsaldean. Horretan, Udaltzaingoak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen Lakua Arriaga auzoan, genero indarkeriaren eremuan, babes agindua urratzea egotzita. Kasu honetan ere 092ra biktimak egindako deiak ohartarazi zuen polizia; emakumeak salatu zuenez, bikotekide ohia kalean aparkatuta zegoen, berak ibilgailua utzi zuen tokitik metro gutxira. Patruila bat bertaratu zen, salaketa berresteko, eta gizonak urruntze agindu judiziala indarrean zuela egiaztatu eta gero, atxilotu egin zuten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.