Arabako berrogeita hamar zientzialari eta teknologoen ibilbideak eta hausnarketak Arabako STEAM emakumeen koadernoa izeneko argitalpenean jaso ditu aldundiak, eta astearte honetan aurkeztuko dute, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna dela eta. "Emakume horiek lan egiten duten erakundeei eta gizarteari ekarpen handiak egiten dizkiete, eta etorkizuneko belaunaldien inspirazio iturri dira", azaldu du Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak.
Foru diputatuak adierazi duenez, neska-mutil eta nerabeentzako prestatu dute argitalpena, zientzia eta teknologiarekiko interesa sustatzeko gazteen artean, batez ere nesken artean, "gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bat bultzatzeko". Izan ere, Arabako Foru Aldundiak, Deustuko Unibertsitatearekin eta Euskadiko Teknologia Parkearekin batera, prestatu dute argitalpena. Besteak beste, Mercedes Maroto-Valer ingeniari kimikoa, Leire Saez de Camara Arranz industria ingeniari teknikoa, Leire Balzategi Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria, edo Izaskun Arriaga Armentia osasun produktuen arduraduna agertzen dira aipatu koadernoan.
Proiektu horren esparruan, sentsibilizazio ekintzak ere egingo dituzte otsailean eta martxoan, haurrentzako eta haien familientzako tailerren bitartez, bi helbururekin: proiektua Arabako ikastetxeetan ezagutaraztea, eta gaur egun dauden genero desberdintasunei buruz hausnartzea, emakume zientzialariek historian izan duten zeregina ezagutzera emanez.