Indar Baskoniak dei egin du Maccabiren partiduko lehen laurdenean zelaira ez sartzeko

Erredakzioa 2025ko ots. 6a, 18:08

2024an Maccabiren aurka egindako protesta. Argazkia: ALEA

Barruan protesta egiteko deia ere egin dute, Israelen normalizazioa apurtzeko. Ostiralean 18:30ean abiatuko da manifestazio nazionala Iparralde gizarte etxetik.

Maccabi Tel Aviv saskibaloi talde sionista Gasteiza etortzekoa den honetan, Indar Baskonia taldeak ere bat egin du salaketarekin. Ohartarazi dute Maccabik Euroligan parte hartzea "proiektu sionistaren irudia garbitzeko erabaki politikoa" dela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin batera partida bertan behera uzteko eskatzen aritu da Indar Baskonia azken hilabeteetan. Baina, jokatuko dela ikusita, aldarrikapenak zelaira eramateko hautua egin dute. Lehen laurdenean zelaira ez sartzeko dei egin dute, "normaltasuna apurtzeko", eta hortik aurrera Palestinaren aldeko ikurrak erakusteko eskatu diete zaleei, Maccabi taldeak sentitu dezan "ez direla ongi etorriak".

Presio gehigarria egiteko, Indar Baskoniak bat egin du bihar, ostirala, 18:30ean Iparralde gizarte etxetik abiatuko den manifestazioarekin. Israelen aurpegi garbiketarik ez: Maccabi kanpora! lelopean Buesa Arenarainoko bidea egingo du manifestazioak, eta bertan Palestinako banderak banatuko dizkiete partidua ikustera doazen zaleei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago