Juan Diaz de Garaio hiltzaile arabarraren istorioa kontatzen duen 'Sacamantecas' pelikulak azkeneko grabazio egunak ditu Gasteizen. David Perez Sañudok zuzendutako taldea, besteak beste, Santa Maria katedralean eta Probintzia plazan izan da egunotan, eta Aihotz plazan egin dute azkeneko filmazioa.
Euskaraz izango da pelikularen zati handiena, 35 txokotan grabatzen ari dira, eta, besteak beste, Edurne Azkaratek, Patricia Lopez Arnaizek eta Eneko Sagardoik parte hartuko dute. Udazkenean hasi ziren lehen eszenak filmatzen, eta prozesua amaitzen ari dira jada.
Azkenerako grabatu ahal izan dute Santa Maria katedralean, nahiz eta hasieran Gasteizko elizbarrutiak ukatu egin zien bertan filmatzeko baimena. Aldundiak argudiatu zuen katedralaren konponketa diru publikoarekin lagundu izanagatik bazuela ahalmena filmaketa egitea eskatzeko. Apezpikutzak San Vicente Martir eliza proposatu bazuen ere, gerora eman zieten baimena katedrala erabiltzeko.
Sinopsia
XIX. mendearen amaieran dago kokatua, Araban. III. Karlistada hilzorian dagoela, hainbat emakume itota agertu dira Gasteiz kanpoaldean. Angela Berrostegieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila iritsi da, frogatu asmotan Juan Diaz de Garaio, nekazari analfabeto bat, dela krimenen erantzulea.
Hala ere, Pio Pinedo, aguazilen buruak aurre egin beharko dio gerra garaiko baliabide faltari eta agintarien presioari, nahiago dutenak erailketa uholdea ezkutatu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!