Saioa Aginakoren kartela aukeratu dute inauterietarako

Erredakzioa 2025eko otsailaren 5a

Gaur eman dute ezagutzera kartel irabazlea. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Irabazi duen diseinuak dantza, batasuna eta aniztasuna adierazten dituela nabarmendu du udalak.

Saioa Aginako Lamarainen Inauteri dantza izeneko kartelak irabazi du 2025eko Gasteizko inauteriak iragartzeko lehiaketa, udalak gaur iragarri duenez. 

Otsailaren 25etik martxoaren 4ra ospatuko diren jaiak iragarriko ditu kartel irabazleak. Kartelak jaia, dantza, batasuna eta aniztasuna bultzatzen dituela nabarmendu dute, eta konposizio zirkularrari esker "originaltasuna" eta "mugimendua" erakusten ditu. Kultura zinegotzi Sonia Diaz de Corcuerak kartela aurkezteko egindako prentsaurrekoan adierazi duenez, Gasteizko talentua agerian geratu da da lehiaketan, nahiz eta Estatuko beste hainbat txokotatik ere proposamenak jaso diren.

Saioa Aginako Lamarain gasteiztarra da kartel irabazlearen egilea. Psikologian graduatua, 2021ean ilustrazio ikasketak hasi zituen. Bere lanek naturarekin eta folklorearekin lotura dute. 2024an Mazoka marrazki azokak emandako Bekikasle beka irabazi zuen.

Lehiaketara 48 kartel aurkeztu dira, eta Arabako diseinu arloko zenbait profesionalek bost finalista hautatu dituzte. Komunikazio alorreko udal teknikari batekin batera, epaimahaian erakunde hauetako profesionalek parte hartu dute: DIGA Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkartea, IDarte Gasteizko Arte eta Diseinu Goi Eskola, Ekialdea BHI eta Arte eta Lanbide Eskola.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago