Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Samaniego kaleko ogasuneko bulegoak handituko ditu, eta lehen Kutxabank zegoen lekua hartuko du. Foru ogasunaren egoitza zentralaren beheko solairuan dago gune hori, eta iaz erosi zuen foru erakundeak.
Horrela, bi zerbitzu bateratu ahal izango dira: Errolda Kudeaketa eta Jakinarazpenetako Unitatea. Biak beheko solairuan kokatu dira, eta errolda unitatea aldatzean hutsik geratuko den lekuan, Zeharkako Zergen Zerbitzuaren zati bat kokatuko dute, orain beste solairu batean dagoena. Modu horretan, "zergadunei arreta pertsonalizatua, azkarra, hurbila eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitu ahal izango da", nabarmendu du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak.
Gaur egun, hiru zerbitzu daude eraikineko bi solairutan banatuta: Zergadunekiko Harremanetarako Zerbitzua, beheko eta lehenengo solairuetan; Zeharkako Zergen Zerbitzua, lehen eta hirugarren solairuetan, eta Zuzeneko Zergen Zerbitzua, beheko eta bigarren solairuetan. "Horrek ez du lana gauzatzea zailtzen, baina lanaren kudeaketa eta antolaketa hobetu egiten dira zerbitzua erabat bateratuta dagoenean", azpimarratu du foru diputatuak.
Azken urteotan, nabarmen ugaritu dira Arabako Foru Ogasunaren jarduerak: zerga berriak kudeatzen dira, beste administrazio batzuei arreta eta laguntza eman behar zaie beste erakunde batzuetatik sortutako laguntzak ebazteko, Europako eskakizunetara egokitu beharra dago eta "hainbat esparrutatik gero eta sarriago egiten diren zerga informazioko eskaerei erantzun behar zaie", eta, hori dela eta, Itziar Gonzalok nabarmendu duenez, "arinago eta modu eraginkorragoan erantzun beharra dago" eta, horretarako, gune fisikoak egokitu behar dira.