Salaketak online egin ahal izango dira Gasteizko Udaltzaingoan

Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 18:03

Zenbait salaketa jartzeko ez da beharrezkoa izango bertaratzea. Argazkia: Gasteizko Udala.

Otsailaren 10etik aurrera zabalduko dute zenbait salaketa mota internet bidez egiteko aukera.

Datorren astelehenetik aurrera ez da derrigorrez Udaltzaingoaren bulegoetara joan beharko Gasteizen salaketa bat egiteko. Ez beti, zenbait kasutan aurrez aurrekoa izaten jarraituko du, batez ere indarkeria fisikoarekin edo larderiaz emandako gertaerak direnean, edota egilea identifikatuta dagoen kasuetan.

Hala ere, online salatu ahal izango dira diru-zorroa, dokumentazioa edo gauzak galdu edo ebatsi izana, ibilgailu barrutik zerbait lapurtu izana edo ibilgailua bera lapurtu izana. Kalteak ere salatu ahal izango dira, baita bizikleta, patinetea edo telefono ebasteak ere. Iruzurrak eta beste ebasketa mota batzuk ere internet bidez jakinarazi ahalko zaizkio Udaltzaingoari, beti ere indarkeriarik ez badago eta ez baldin badakigu nor den egilea.

Udalaren webgunean egongo da salaketak jartzeko aukera, Udaltzaingoaren atalean. Han izango da otsailaren 10etik aurrera "Salaketa judiziala aurkeztu Gasteizko Udaltzaingoan" botoia. Ziurtagiri digitala beharko du erabiltzaileak salaketa sinatzeko, baina inprimakia "oso intuitiboa" dela adierazi dute udaletik.

Cesar Fernandez de Landa Segurtasun zinegotziak adierazi du irisgarriagoa izango dela Udaltzaingoa neurri honen bidez, eta 24 orduz egongo dela operatibo. Hala "poliziaren lanaren kudeaketa optimizatu" asmo dute, udaltzainak "lan operatiboetan zentratu" ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago