Gaur goizean, minbiziaren aurkako nazioarteko egunaren harira agerraldia egin dute dozenaka lagunek Gasteizen. Gaixotasunaren prebentzioan, tratamenduetan, ikerketan eta humanizazioan aurrera egiteko eskatu dute bertan.
Minbiziari lotutako hainbat elkarteetako kideek begizta berde handi bat irudikatu dute, zapi berdez osatua, Guztiok minbiziaren aurka lelopean. Bertan egon dira udaleko eta aldundiko hainbat ordezkari ere.
Minbizia duten pertsonei eta senideei elkartasuna adierazteko asmoz osatu dute irudia, baina proposamen eraikitzaile bat ere aurkeztu dute, Minbizi Datu Gehiago. Minbiziaren inguruan Estatuan datu gehien biltzen dituen ekimena izan asmo du honek, informazioa modu kooperatiboan bildu eta tratatzeko, eta hala lagundu nahi dute ikerketa eraginkorragoak eta kasu bakoitzean tratamendu hobea lortzeko.
Okerrera doan joera
Azaldu dutenez, 2024an 2.200 pertsonari diagnostikatu zitzaien minbizia Araban soilik, eta "joerak hazten jarraitzen du urtez urte". Minbiziaren aurkako elkarteek emandako kalkuluen arabera, gizonen erdiak eta emakumeen herenak izango du minbizia 2030. urtean, 100 segundotik behin kasu bat.
Elkarrekin jarduteko beharra jardun dute joera horri amaiera emateko, eta aurten datuen kudeaketa eta koordinazioa jarri dute erdigunean. Minbizi Datu Gehiago ekimena Estatuko 24 elkarte zientifikok eta pazienteen elkartek osatzen dute, minbiziaren inguruko datuak biltzeko. Azaldu dutenez, ez dago minbiziari buruzko ezagutza eredu integraturik, eta horregatik izan dute beharra informazioaren "eskuragarritasuna, homogeneotasuna eta kalitatea" hobetzeko.
Jasotako datuak herritar guztien eskura egongo dira, webgune baten bidez. Informazio "argi eta ulergarria" emateko asmoa azaldu dute, gizartearen eskura egon dadin.