Ignacio Aldekoa Kultur Etxearen programazioan euskarari ematen dioten tratua zuzentzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan, Kultura eta Kirol batzordean eztabaidatzeko. "Kulturgunearen web orrian informazio bila sartzean, berehala ohar gaitezke erakunde honek ez duela errespetatzen Arabako hizkuntza ofizial bietan kultur jarduerak egin ahal izateko eskubidea", esan du koalizioak.
Mozioaren testuan bi adibide aipatu ditu EH Bilduk: batetik, irakurle kluben programazioa; eta bestetik +55 elkartegiak jarduera. Hain zuen, azken jarduera horri jarritako izenak euskararekiko "arduragabekeria" erakusten duela kritikatu du EH Bilduk, +55 elkartegiak izena ez delako euskaraz zuzena. "Gure hizkuntzarekiko arduragabekeria jarduera honen izenarekin hasten da, balizko euskarazko izena adiera jakinik ez duen+55 elkartegiak baita", azaldu du batzarkide taldeak. Hortaz, mozioan eskatu dute datozen edizioetarako izena aldatu, eta +55 ikasgelak izenda dezatela.
"Justifikazio itxura"
55 urtetik gorakoentzat zuzendutako ikastaroen eskaintzari dagokionez, euskarazko ikastaroen eskaintza %8,3koa bakarrik dela ziurtatu du EH Bilduk. "Orain gutxi, 2025 urteari dagokion ikastaro eskaintza eman du aditzera kulturguneak bere webgunean. Aipatu epe horretarako 12 ikastaroren eskaintza egin da, eta horietatik bakarra da euskaraz eskaini dena (Tontxu Ruiz de Larrinagaren Mendizaletasuna lantzen hain zuzen)". Horrenbestez, EH Bilduk uste du euskarazko eskaintzak "helburu pragmatikoa" baino "justifikazio itxura" duela.
"Hamabi ikastaroren eskaintza egin da, eta horietatik bakarra da euskaraz"
Ondorioz, egoera hori zuzentzeko, EH Bilduk mozioan eskatzen du ikastaro guztiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan eskaintzen direla bermatzeko, eta ikastaro bakoitzeko harremanetarako hizkuntza, matrikulen arabera hautatuko dela ziurtatzeko. Kultura eta Kirol sailak ikastaro bakoitzeko harremanetarako hizkuntza hautatzeko irizpideak, deialdi bakoitzaren aurrean ezar ditzala ere eskatzen du mozioak. "Horretarako matrikula kopurua hartuko da kontutan eta, ikastaroak euskaraz ala espainieraz egingo dira. Eta matrikulatze kopuru nahikoa balego, ikastaroa bikoiztuko da hizkuntza bietan gauzatu ahal izatek0".
Euskaraz, ingelesez bezala
Irakurle kluben jarduerari dagokionean, euskarari hizkuntza ofizialaren izaera eman beharrean, "atzerriko hizkuntza den ingelesaren tratu bera" ematen zaiola kritikatu du batzarkide taldeak; eta klub bakarra dagoela euskaraz gaztelaniaz zazpi dauden bitartean. "Espainierazko klubak gaika daude banaturik eta zazpi irakurle klub osatu da; euskarak irakurle klub bakarra du (ingelesak bezala). Irakurle klub hauek guztiak gainera, oker ez bagaude, Gasteizen baino ez dira antolatzen", adierazi du EH Bilduk.
"Espainierazko zazpi irakurle klub osatu da; euskarak irakurle klub bakarra du"
Hartara, irakurle kluben jardueraren eskaintza egokitzeko eskatu du koalizioak mozioan, eta aldundiak erkidegoko hizkuntza ofizial bietan eskaintza bera egiteko. "Irakurle klub bakoitzeko harremanetarako hizkuntza eskariaren arabera hauta dadila, eta eskari nahikorik balego, klubak hizkuntza bietan gauza dadin".
Ordezteko mozioak
Urtarrilaren 16an aurkeztutako mozioa onartzeko, batzar nagusietako Kultura eta Kirol batzordean onartu beharko da. Dagoeneko ordezteko mozioa aurkeztu du foru gobernu taldeak (EAJ-PSE), eta horretan proposatu dute +55 Elkartegien urteko programazioan, "euskarazko ikastaroen eskaintza zabaltzeko, eskaera dagoen heinean". PPk ere ordezteko mozioa aurkeztu du.