21.000 etxebizitza berri eraikiko dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2025eko otsailaren 4a

Obrak Gasteizko Alde Zaharrean. Argazkia: ALEA

Elkarrekin Podemosen babesarekin behin-behinean onartu da EAJ-PSEren Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Lur gehiago bideratuko da industriara, eta urbanizagarriak ziren hainbat lurretan ezingo da etxerik eraiki.

Alegazioen ostean, Elkarrekin Podemosek baiezkoa eman dio Udal Gobernuak aurkeztutako HAPOari. Bertan aurreikusten da Gasteizen 21.148 etxebizitza berri eraikitzea (%75 etxebizitza sozialak) hiriko hamar bat auzotan. Lur industriala ere handituko da, Foronda inguruan, Zabalganan Mercedesen inguruan, Jundizen, Miñaon eta Arangizen.

Gainera, orain arte urbanizagarriak ziren 17 zonalderi eraikitzeko baimena kentzeko asmoa du udalak, horien artean 17. sektorea Lasarteko Atean, eta Elorriaga-Arkaute eremua. Lasarteko Atearen inguruan desadostasunak agertu dituzte bizilagunek, luxuzko 294 txalet eraikitzeko asmoa baitzuten bertan, auzokideen onespenarekin. Hegoaldeko erronda eraikitzeko aukera ere bertan behera uzten du HAPOak.

21.000 etxebizitza hauek Gasteizko kanpoaldeko auzoetan eraikiko dira gehienbat, Goikolarra, Zabalgana eta Salburuan, baina baita Lakuan eraiki gabe dauden orube batzuetan ere, besteak beste. Plan berriak aukera zabaltzen du merkataritza lokalak zirenak etxebizitza bihurtzeko, nahiz eta araudia eta baldintzak zehazteke dauden oraindik. Egun existitzen diren etxebizitzak zatitzea errazteko asmoa ere badu udalak legedi berriarekin, hirigunean bitan zatitzea, eta Gasteiz inguruko herrixketan lautan zatitzeko aukera ere izango da.

Elkarrekin Podemosen baiezkoa

Elkarrekin Podemoseko kideek planaren alde egin dute, "lur kontsumo irrazionala" gelditzen duelako, etorkizuneko industria proiektuak errazten dituelako eta landa eta nekazal eremuak babesten direlako. Industriari dagokionez, Elkarrekin Podemosek argudiatu du industria proiektuak egonkortzeko aukera emango duela, etekin ekonomiko berriak sortuz, baina lur gehiago kontsumitu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago