Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, seme-alaben aurrean bikotekidea jo eta mehatxatzeagatik

Erredakzioa 2025ko ots. 3a, 16:51

Indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioa. Argazkia: ALEA

Ostiralean, 17:30ean, jazo zen erasoa, Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean.

Gasteizko Udaltzaingoak 51 urteko gizon bat atxilotu du, urtarrilaren 31n, seme-alaben aurrean, bikotekidea jo eta heriotza mehatxuak egiteagatik. Genero indarkeriaren delituaren barruan bikotekideari eraso egitea egotzi diote.

Gertaera ostiralean jazo zen, 17:30ean, Aranbizkarra auzoko etxebizitza batean. Ordu horretan, 092 zenbakira egindako telefono bidezko dei batek ohartarazi zuen etxebizitza baten barruan eztabaida handia zegoela. Polizia talde bat bertaratu zen, eta deklarazioa hartu zien bikoteari eta emakumearen seme-alaba adingabeetako bati. Antza denez, gizona eta emaztea eztabaidan hasi ziren, eta gizonak eraso egin zion eta heriotza mehatxuak ere egin zizkion, seme-alaben aurrean.

Bertsio guztiak entzun ondoren, eta emakumeak zituen marka batzuk ikusi ondoren, poliziek ustezko erasotzailea atxilotu zuen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago